"Baserriak etorkizunik izango badu, zuzeneko salmentatik izango du"

Ainhoa Gil 2020ko ots. 8a, 08:00

Asteasuko Lizolateine baserrian bizi dira Mikel Alkorta eta Olatz Albisu, euren hiru seme-alabekin batera. Baserria dute bizileku eta lantoki. Baratzea egiten dute modu ekologikoan, eta otarrak prestatzen dituzte, astero, 27 familiarentzat

Erreportaje osoa, Aiurri hamaboskariko 554 alean.

Nekazaritza ekologikoan ari dira Asteasuko Lizolateine baserrian. 4000 metro karratuko baratzea dute eta baita 500 metroko negutegia ere. 27 familiari, astero-astero prestatzen diete otarra, lurrak emandako produktuekin. Garaian garaikoa, ekologikoa eta mimoz zaindutakoa da Lizolateineko kideek egiten duten eskaintza. Hogei urte dira Mikel eta Olatz Lizolateine baserrira etorri zirela. Bakoitzak bere lanbidea zuen, baina ia hasieratik heldu zioten baratzegintzari. Etxetik datorkio zaletasuna Mikeli: “Aitak beti egin izan du baratzea Donostian. Txikitatik ezagutu izan dugu mundu hori eta gustuko nuen. Asteasura bizitzera etorrita-koan, etxerako baratzea egiten hasi ginen, eta gure betiko ametsa izan da lurrak ematen duenetik bizitzea". 2011n ekin zioten bizimodua aldatu eta, aspaldiko ametsari bidea egiteko asmoz, baratzeko produktuekin otarrak prestatzeari. "Lehenengo urtean lau, hurrengoan bederatzi..., pixkanaka hasi ginen. Egun, 27 familiari prestatzen diegu otarra astero.

Bizimodu aldaketa egin aurretik, lantokitik iritsitakoan egiten zituzten baratzeko eta baserriko lanak. "Gustura ari ginen, baina hori ez zen erabat guk nahi genuena. Gure ametsa, kanpoko lan hori utzi eta osotasunean baserritik bizi ahal izatea zen. 2011n hartu genuen saiakera egiteko erabakia eta horretan ari gara geroztik", azaldu du Mikelek. Basherri sarean sartu ziren, eta barazki otarrak saltzetik bizi dira.

Baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena biltzen du Basherri sareak. Baserritarrek ekoizten dituzten produktuak merkaturatzeko eredu ezberdina dira, salmenta zuzena lehenesten duena, bitartekaririk gabekoa. Hileko kuota baten truke, baserritarrak astero bere produktuekin osatutako saski bat banatzen die taldeko kideei, adostutako leku, egun eta orduan.

Egian elkartzen dira Lizolateine baserriko kideak euren bezeroekin. "Astelehenetan egiten dugu banaketa. Otarkideak hara gerturatzen dira eta guk prestatutako saskia jasotzen dute". Egun osoko lana izaten dute astelehenetan, saskien prestaketan. Mikelek azaldu duenez, "goizean hasten gara produktuak baratzetik biltzen. Horiek garbitu eta sortatan prestatzen ditugu, eraman ahal izateko". Arratsaldeko 19:00etan joaten dira Egiara, saskiak euren bezeroei eramatera. "Familiek ikaragarri eskertzen dute barazkien freskotasun hori; goizean bildutakoa afaritan jan ahal izatea".Zuzeneko harremana dute otarkideekin, astero-astero. "Oso giro polita sortzen da. Aste horretako produktuen inguruan hizketan aritzen gara askotan, eta bakoitzak zein eratara prestatzen duen azaltzen du. Elkarrengandik ikasten dugu horrela".

Negu aldean lasaixeago ibiltzen dira Lizolateineko kideak. "Udan edo udazkenean landatutakoak biltzen ditugu, baina negua ez da garairik oparoena baratzean. Gainera, eguraldiak ez du laguntzen bestelako lanak egiteko ere". Udaberritik aurrera handitzen zaie lankarga. "Eta baita produktu kopurua ere". Otarkideek, noski, badute horren berri: "Adostuta izaten dugu. Neguko otarrak ez dira hain osatuta joaten, ez dagoelako hainbesteko ekoizpenik. Barazkiak ere beste mota batekoak izaten dira. Uda aldeko otarrekin orekatzen dugu hori. Gainezka joaten dira otarrak, produktuz bete-beteta".

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!