Trikitixa eta pandero festa, martxoaren 7an Asteasun

Maialen Argote, Maitane Aierza eta Juan Tapia, Hauspotuz elkarteko kideak.

Asteasu eta Larraulgo trikitilarien festa antolatzen ari da Hauspotuz elkartea, martxoaren 7rako. Atzoko, gaurko eta biharko trikitilari eta panderojoleak elkartu nahi dituzte, festa-giroan.

* Erreportajea osorik irakurgai Aiurri hamaboskariaren 555 zenbakian.

Tolosaldeko trikitilari elkartea da Hauspotuz. Duela urtebe-te inguru sortu zen, trikitixari bultzadatxo bat emateko asmoz. Maitane Aierza, Juan Tapia eta Maialen Argote taldeko kide dira eta haiek eman dute elkartearen inguruko berri. "Tolosaldean trikitixa eskola asko dago, baina oso harreman gutxi genuen elkarren artean eta horri buelta bat eman behar geniola iruditu zitzaigun. Horrez gain, gure herrietako kaleetan ez genuen ikusten trikitixa eta panderoaren presentzia handirik. Horregatik erabaki genuen irtenbideren bat bilatzen hastea". Trikitixa eskoletako irakasleak eta beste hainbat zaletu elkartu ziren 2019ko otsailean, Hauspotuz elkarteari forma ematen hasteko. Elkartea sortuta, lehen ekitaldiak antolatzen hasi ziren. "Ekainaren 2an kalejira egin genuen Tolosan, nolako giroa sortzen zen ikusteko. Udazkenean topaketa handi bat egin nahi genuen, eta tenpe-ratura hartzeko baliagarria izan zitzaigun ekaineko hitzordua", azpimarratu du Juan Tapiak.

Sortu berria da Hauspotuz elkartea, eta hausnarketa prozesua ere bizitu dute, elkartearen helburuak eta lanerako moduak zehazten joateko. "Trikitixa topaketa egin genuen urrian Tolosan. Egun osoko egitaraua prestatu genuen eta oso polita atera zen. Trikitilari eta panderojole asko elkartu ginen. Goizean kalejirak egin genituen, elkarrekin bazkaldu, eta kalejira erraldoia egin genuen arratsaldean, Tolosako kaleetan barrena. Oso egun polita izan zen, baina zalantza genuen horrekin nahikoa ote zen, edo elkarteari beste helburu batzuk zehaztu behar ote zitzaizkion", azaldu du Maitane Aierzak.

Elkartea gorpuzteko eta urte osoari lotura emateko asmoz, tokian tokiko topaketak antolatzeari ekin dio Hauspotuzek eta Asteasu-Larraulgoa izango da lehendabizikoa. "Jende asko dago trikitixa jotzen dakiena eta etxean aritzen dena, baina kalera ateratzeari utzi diona. Horiek erakarri nahi ditugu, bazkari baten aitzakian, gertura dai-tezela festa girora", azpimarratu du Juan Tapiak.

Egun osoko festa
Martxoaren 7an, festa giroa nagusituko da herrian. Plazan elkartuko dira 11:30ean. Herriko bertsolari gazteek saioa eskainiko dute eta ondoren hamaiketakoa egingo dute guztiek elkarrekin. Sabela goxatuta, kalejira egingo dute trikitixa eta panderoak hartuta. "Eguraldiak laguntzen badu, herriko txoko ezberdinetara joateko asmoa dugu. Elizmendira, herriguneko etxe berrietara, Kale Nagusira eta Kale Berrira..., Asteasu trikiti-doinuz bete nahiko genuke egun horretan", azaldu dute. Eguraldiak laguntzen ez badu, pilotalekua izango dute aterpe bazkaltzeko garaia iritsi bitartean. Izan ere, Asteasun bertan elkarrekin bazkaltzeko aukera izango baitute hala nahi dutenek. "Iturriondo jatetxean bazkalduko dugu elkarrekin eta ondoren trikitixa eta panderoak astinduko ditugu. Norberak nahi adina luzatuko da festa", diote umoretsu.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!