Trikiti doinuek hauspotu zuten herria

Aiurri 2020ko mar. 9a, 12:41

Trikitixa eta pandero topaketa antolatu zuen Hauspotuz elkarteak larunbaterako. Eguraldiak ez zuen lagundu, baina horrek ez zuen eragotzi umore ona. Trikitilari asko gerturatu zen egueriko kalejiran parte hartzeko asmoz, eta ehundik gora izan ziren bazkaritarako izena eman zutenak. Bakalostean, luzatu egin zen festa.

Asteasu eta ingurukoak ziren trikitilari eta pandero-jotzaile gehienak, baina baziren Gipuzkoako beste zenbait txokotatik gerturatutakoak ere. 11:30etan jarri zuten martxan egitaraua. Plazan bildu, eta herriko bertsolari gazteen agurra entzun ondoren, hamaiketakoa egin, eta trikitixak nahiz panderoak astintzen hasi ziren bertaratu zirenak.

Trikitilari asko elkartu zen plazan eta giro polita sortu zen, baina eguraldiak laster uxatu zien kalejira egiteko ideia. Usarrabi pilotalekuan hartu zuten ostatu trikitilariek, euri jasatik babesteko.

Jolas batzuk egin ondoren, ater-unea aprobetxatuz, kalera atera ziren trikitilariak, bi taldetan banatuta. Kale Nagusian gora joan ziren batzuk, Obaba kalean behera beste batzuk. Eguraldiak, ordea, ez zien utzi festa giroa herri guztira zabaltzen, eta laster bilatu behar izan zuten aterpea. Umore onean eta giro polittean ibili ziren nolanahi ere.

Bazkalteko garaia  iritsita, bi taldeak elkartu, eta Iturri ondora sartu ziren, bazkaritara. Ehundik gora ziren bazkaritarako izena emandakoak. Arratsaldean, trikitixa eta panderoak astintzen borobildu zuten eguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!