Ospakizuna Asteasun San Pedro egunean

Aiurri 2020ko eka. 26a, 12:00

Txistularien kalejira aurreko jaietan.

Ekitaldi guztiak herriko plazan ospatuko dira, ikusleek aulkian eseri beharko dute elkarrengandik metro eta erdiko distantzia mantenduz. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi guztiak Usarrabi pilotalekuan ospatuko lirateke.

Aurtengoan ez dira udako jaiak ezagutzen ditugun ohiko moduan ospatuko. Hala ere, birusak ez du jaietarako dugun gogoa zapuztu, eta Asteasun San Pedro egunean adin eta gustu guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte. Joxe Ramon Aierza kultur zinegotziak azaldu duenez, "herritarrak gonbidatzen ditugu behar diren neurriak betez festak denon artean ondo pasatzera, eta animoak denei".

Izan ere, ekitaldietara hurbiltzeko segurtasun neurriak hartu beharko dira. Ekitaldi bakoitzaren sarreran ikusleek eskuak garbitu beharko dituzte, eta gero beren eserlekuetan eseri emanaldia amaitu arte. Eseri bitarteko bidean maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, gutxieneko distantzia betetzen dela ziurtatu arte.

Ekainaren 29an, astelehenarekin, ospatuko da aurtengoan San Pedro eguna. Herriko txistulariek ekingo diote egunari 10:00etan dianaren bitartez. 11:00tan herriko txikienek Hodei magoaren 'Tutti Magia' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Iruñetik etorriko da Hodei magoa eta bere ikuskizunaz hitz egitean honakoa esan du: "Umore asko, parte-hartzea, joku originalak, ikuskizuna erritmo askorekin eta ideia pixka bat eroekin, txundituta geratuko dira. Azken batean, gure helburua hori da: jendeak ondo pasa eta barre egitea". Bere ikuskizunek haurrengan oso erantzun ona izaten dutela gehitu du Hodei magoak.

Eguerdian kalejira izango da herriko trikitilarien eta txistularien eskutik.

Herri kirolak ezin falta

Bazkaltzera joan aurretik, herri kirolez gozatzeko aukera egongo da. Etorriko diren aizkolariak Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi ‘Txikia IV' izango dira, eta harri-jasotzaileak, berriz, Aimar Irigoien, Julen Alberdi ‘Urra’ eta Udane Ostolaza. Aierzak esan du aurtengoan ezinezkoa izan zaiela gizonezkoen eta emakumezkoen parekotasunari eustea.

Arratsaldean, Meliora taldeak kontzertua eskainiko du, 17:00etan. Bertako musikaria den Iñaki Mujikak hartu du hitza eta adierazi du taldea gogotsu dagoela kontzertua eskaintzeko: "Hirugarren aldia izango da  Asteasun joko duguna, eta niretzat oso polita da nire herrian jotzea; baina lotsa pixka bat ere ematen du". 

Bertso saioa, San Pedro eguna amaitzeko

"Punta-puntako bertsolariak etorriko dira kantura". Horrelaxe adierazi du herriko Haritz Mujika bertsolariak. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Haritz Mujika arituko dira bertsotan. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre arituko da. 

Ekainaren 5ean Villabonan ospatu zen bertso saioan hartu zuen parte Mujikak. "Aulkiak modu diagonalean jarrita eta elkarren artean distantzian, plazak nahiko bete sentsazioa ematen du, nahiz eta erreakzioak ez izan berdinak, kantatzeko erosoa da". Aiztondo eskualde bertsozalea dela jakinda, "seguru denen gosea asetzeko adinako saioa aterako dela", azpimarratu du Mujikak.

Santamañako jaiak antolatzeko bilera

Asteasuko Udala eta Santamañako elkartea Asteasuko jaiak igarota elkartuko dira berriro zer egin erabakitzeko. "Santamañako arazo nagusia lekua da. Guztien segurtasuna bermatzeko arazo handiagoak daudelako", adierazi du Aierzak.

Egitaraua

Ekainak 29, astelehena

10:00 Diana herriko txistulariekin.

11:00 Hodei magoaren ikuskizuna.

12:00 Trikitilarien eta txistularien kalejira herrian barrena.

13:30 Herri kirolak. Aizkolariak: Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi ‘Txikia IV’. Harri-jasotzaileak: Aimar Irigoien, Julen Alberdi ‘Urra’ eta Udane Ostolaza.

17:00 Meliora musika taldearen kontzertua.

19:00 Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Haritz Mujika. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!