Asteasuko igerilekuko bazkidetza egiteko aukera, zabalik

Aiurri 2020ko eka. 25a, 08:52

Orain arte herritarrentzat soilik egon da zabalik bazkidetza egiteko aukera. Gaurtik aurrera, gainerako herrietako herritarrei ere zabaldu zaie aukera hori. Uztaila eta abuztuan egongo da zabalik igerilekua, eta erabilera ordutegi ezberdinak zehaztu dituzte, segurtasun neurriak errespetatu ahal izateko.

Aurten ez da eguneko sarrerarik salduko Asteasuko igerilekuan, eta zerbitzua erabili ahal izateko, beharrezkoa izango da bazkide izatea. Goizez guztiontzat libre egongo da, gehienezko jende kopurura iritsi arte eta arratsaldez, bi ordutegi ezberdin egongo dira: 14:00-16:45 eta 17:15-20:00. Bazkide bakoitzak aukeratu ahal izan du zein ordutegitan joango den igerilekura eta, herritarren eskariz, hamabostean behin aldatuz joango da.

Segurtasun neurri ezberdinak errespetatu beharko dituzte aurtengo erabiltzaileek. Gune edo lursail ezberdinetan banatuko dute belazea. Etxe berean bizi direnak bakarrik elkartu ahal izango dira gune berean eta ezingo da gune batetik bestera mugitu. Uretan ere, gehienezko jende kopurua mugatu dute eta, rotazioa egon dadin, 20 minutuko bainuak hartzea eskatu dute.  Segurtasun neurriak errespetatuz jokatzeko deia zabaldu dute Udaletik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!