Bi idi erosi dituzu, hiltegira eraman eta ondoren saltzeko. Non haziak dira, zein arrazatakoak?
Idiak Arruazun hazi dituzte, Nafarroan. Pirenaika arrazakoak dira. Bost urte dituzte biek. Pisuari dagokionez, batak 760 kilo eta besteak 629 kilo pisatu dituzte kanalean.
Nola sortu zaizu idi-parea erosteko aukera?
Idiak garestiak dira oso, baina aukera etorri, eta argazkian ikusten den bezala, oso idi onak direnez, aurrera egin nuen. Idi gizen-gizenak, hori-horiak. Oso gustura nago.
Idi horien haragia zure harategietan erosteko aukera eskainiko al duzu orain?
Bai, hori da. Villabonan, Zizurkilen, Asteasun eta Beasainen erosteko aukera izango da.
Zein erantzun izan ohi du bezeroen aldetik idi haragiak?
Idi txuletaren eskaria ikaragarria da. Askok eskatu didate dagoeneko.
Bertako haragiaren aldeko apustua egiten duzu zure harategietan, bertakoa eta kalitatezkoa...
Erabat. Asteasu inguruko baserritarrei erosten diet: hasi Aiatik eta Zizurkilera bitarte, hemengo haragia. Bezeroek bertako produktua eskatzen dute, eta horixe eskaintzen saiatzen gara.
Etxeko sukaldean egindako produktuak ere badituzu. Zein eskaintza, zehazki?
Haragiaz gain, baita bestelako produktuak ere; hala nola, txorizoak, txistorrak, saltxitxak, odolkiak, albondigak, txipiroiak, piper beteak, fritoak, onddo kroketak, urdaiazpiko kroketak, oilasko errea… Gure etxeko sukaldean egindako hamaika produktu eskaintzen dugu. Eskaria handitzen doa, eta geroz eta jende gehiagok erosten ditu gure etxeko produktuak: fritoak, batez ere.
Villabonan irekitzear duzu harategia, laugarrena denera. Apustu handia egin duzu...
Azken urteetan jauzi handia egin dut. Urtetan Asteasuko harategiarekin bakarrik aritu naiz, eta orain beste hiru gehiago ditut. Benito harategia izango da laugarrena: ea zorte pixka bat izaten dugun. Badakit jendea Villabonako harategia noiz irekiko dugun zain dagoela, eta eskarien arabera joan-go gara eskaintza zabaltzen.
Zure ofizioari dagokionez, zenbat urte daramazu harakin lanetan?
15 urterekin hasi nintzen aitarekin eta amonarekin. Aurten 55 urte betetzera noa; beraz, 40 urte daramatzat harakin lanetan. Etxetik datorkit ofizioa. Lehen ganadua ere bagenuen, baina aspaldi honetan ez dugu halakorik.
Zein mezu zabaldu nahiko zenieke eskualdeko herritarrei?
Lana ondo egiten saiatuko garela.
ASTEASU
Berria 5. 943 691 932
ZIZURKIL
Bulandegi bidea 13. 943 69 07 43
VILLABONA
Arroa auzoa 4. 943 691 350
BEASAIN
Nafarroa etorbidea 45