“Lasaitasun osoz ekin diogu ikasturte berriari”

Ainhoa Gil 2020ko urr. 11a, 16:15
Onintza Elduaien Mateo, Pello Errota ikastetxeko zuzendaria

Lasai hasi dute ikasturtea Asteasu eta Larraulgo ikasgeletan. Onintza Elduaien, Pello Errota ikastetxeko zuzendariak, eta Koldo Rabadan Larraulgo irakasleak:

Martxoan iritsi zen ikasgelak itxi eta etxeratzeko agindua. Nola bizitu zenituzten ikasturteko azken hilabete horiek?

Astebeteko kontua izango zela pentsatuz joan ginen etxera. Lehen bi astetan, inprobisatuz aritu ginen, ahal genuen moduan. Aste Santuan, bagenekien etxeratzea luzerako izango zela, eta programazio bat egiten hasi ginen. Gurasoekin nola komunikatu, umeekin nola aritu, adin ezberdinetako umeen beharrak nola bete... Komunikazio horretan jarri genuen gure indar guztia; ez akademikoki bakarrik, emozionalki ere garrantzitsua baitzen familien berri izatea. Familien aldetik oso erantzun ona jaso genuen. Baziren baliabiderik gabeko familiak, eta haiei eskolatik eraman zitzaizkien ordenagailuak. Etxean internetik ez zuten familiei, berriz, Hezkuntzak helarazi zizkien horretarako baliabideak. Ekaina hasieran itzuli ginen irakasleak eskolara. Behartu egin gintuzten, baina eskolako baliabideak ez ziren lanerako egokiak. IKT baliabideak oso zaharkituak ditugu eskolan eta uste dut oso orokorra dela hori. 

Ikasturte amaieran, ikasgela bakoitzak egun eta ordu jakina zuen eskolara gerturatzeko. Kanpoko eremuan elkartu ziren euren irakasleekin. Oso erreakzio politak ikusi genituen bertan. Umeek elkarrekin egoteko benetako premia zutela ohartu ginen. 

Ikasturte berria hasi duzue. Zer moduz eman diozu hasiera?

Lasai daude umeak, eta halaxe sumatzen ditugu familiak ere. Umeek oso ondo barneratu dituzte arau berriak eta ondo ekin diogu ikasturteari. Gure aldetik, lau helburu nagusi finkatu ditugu. Batetik, gure ikasleak IKTetan trebatzea; berriz ere etxeratzea etorriko balitz, garrantzitsua da ikasle guztiek baliabide teknologikoak ondo erabiltzen jakitea. Horretarako ez ditugu baliabide onenak, baina erronka handia dugu. Euskara ere indartu behar dugu. Familia euskaldunak ez dituzten umeen kasuan, beherakada nabarmena nabaritu dugu euskara mailan. Egoera horri heldu nahi diogu ikasturte honetan. Bestalde, alderdi emozionalean ere begirada jarri behar dugu, eta lanketa berezia egiteko asmoa dugu. Azkenik, gutxieneko konpetentziak bermatu behar ditugu. Izan ere, ikasturteko helburuak ezin ditugu finkatu ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gutxieneko horiek bermatzea izango da lehen helburua. 

COVID-19 batzordea osatua dugu. COVID-19ko arduradunak, zuzendariak, jangelako arduradunak, udaleko kide batek, eta bi gurasok osatzen dugu batzorde hori. Ostiralero biltzen gara, astean zehar gertatutakoez hitz egiteko: PCR probak, gure eskolako protokoloan egindako aldaketak...

Nola antolatu duzue eskolako eguneroko martxa?

Talde egonkorrak antolatu ditugu. Egunean zehar euren taldekideekin bakarrik egoten dira umeak. Jolasgarairako, patio eremua zabaldu egin dugu. Lehen erabiltzen ez genituen bi eremu berri erabiltzen hasi gara; eskola zaharra, Elizmendiko plaza eta eliza ingurua. Ikasgela bakoitzak eremu bat erabiltzen du aste osoan zehar, eta txandatzen joaten gara. Lehen libre ibiltzen ziren umeak jolasgaraian, orain bakoitzak bere eremuan ibili behar du. 

Jangela garaian ere taldekatzeak errespetatzen ditugu. Haur Hezkuntzako haurrentzako jangela berria sortu dugu eta, honenbestez, bi jangela ditugu orain. Horrez gain, taldeka antolatu ditugu mahaiak, umeen arteko distantzia errespetatuz. Orokorrean, Pello Errotan oso baldintza onak ditugu kontingentzia planean bildutako neurriak bete ahal izateko. Beste zenbait ikastetxetan ez da horrelakorik, eta oso zaila egiten zaie antolatzea. Ez da gure kasua, eta eroso gabiltza. 

Aire librean ekintza gehiago egiten dugu orain. Elizmendira, patiora, aire librera... gehiago irteten gara. COVID-19ak etorri behar izan du inguruko baliabideez baliatzen hasteko. Elizmendira joan eta tertulia egin, aurkezpenak garatu... zoragarria da. Kanpora joaten garenean, gainera, 1,5 metroko distantzia gordez gero, maskara kentzeko aukera dugu. Gustura hartzen dugu aukera hori. Gure ingurua ezagutzeko aukera emango digu honek. 

Sarrera-irteeratako arauak ere aldatu ditugu. Gurasoei eraikinean ez sartzeko eskaera egin diegu eta haurren sarrera, mailaka antolatuta egiten dugu, umeak pila ez daitezen. Berehala barneratu dute arau hori, eta ez dugu batere arazorik izan. Lasaitasun mezua zabaldu genuen hasieratik, eta orain, bete-betean bizitzen ari gara lasaitasun hori.

___________________

“Egoera berriak ez dio eragin gure eredu pedagogikoari”, Koldo Rabadan

Larraulgo eskolako ikasleak basoan.

Tailer ezberdinetan aritzen dira euren trebetasunak garatzen eta pandemia egoerak ez du hori aldatu.  Koldo Rabadan eskolako irakaslea da: “Egoera berriak ez dio eraginik ekarri gure eredu pedagogikoari. Hamasei haur ditugu momentu honetan, eta burbuila bakarra osatzen dugu. Gure egunerokotasuna ez da askorik aldatu”, argitu du. Ikasturtea hasi aurretik gurasoei azaldu zieten kontingentzia plana, “eta guregan konfiantza osoa erakutsi zuten. Beraz, oso lasai hasi dugu ikasturtea”.

Musukoa jantzita ibiltzea, eskuak maiz-maiz garbitzea, gelak aireztatzea, garbiketa lanak maizago egitea... gisa horretako neurriek osatzen dute kontingentzia plana. 

Ikasleak asko ateratzen dira eskolako eraikinetik. “Lehen ere asko ateratzen ginen, eta egoera berrian, gehiago. Guraso batek baso bat utzi digu, eta astean behin gutxienez hara joaten gara. Larraulgo herrigunean umeekin mugitzea ere oso erraza da”. Musukoa janztea derrigorrezkoa da sei urtetik gorako umeentzat, eta “eskola atarian, arnasgunea deitzen diogun gunea sortu dugu. Musukoarekin estu sentitzen direnean, kanpora atera eta arnasa hartzeko aukera dute hala nahi dutenek”, azaldu du Koldok. 

 

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 568. zenbakian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!