Abenduaren 31n ospatuko da Urrezko Aizkolarien Kopako finala Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, 11:30ean. Honako aizkolariak lehiatuko dira txapela eskuratzeko: Oier Kañamares IV, Julen Olano, Luis Txapartegi eta Xabier Zaldua. Aurtengoan ez da publikorik izango, hortaz, kirolariek publikoaren animo oihurik gabe ari beharko dute lanean.
Aizkoran, harri-jasotzen eta ingudean
Horrez gainera, beste hiru txapelketa jokatuko dira. Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketan bi bikote arituko dira: Suharri Rodriguez 'Suharri' - Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' eta Ibai Soroa - Axel Larrañaga.
Binakako Harri-jasotze Txapelketan, berriz, hiru bikote leihatuko dira. Alde batetik, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria; bestetik, Urdax Magunazelaia 'Urdax' eta Jon Irañeta, eta hirugarrenik, Jon Unanue 'Goenatxo III' eta Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV'.
Emakumezkoak ingudean arituko dira, hala nola Karmele Gisasola 'Zelaia III', Virginia Finol eta Maika Ariztegi.