Eguerdian ospatu da Urrezko Aizkolarien Kopako finala Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Lau aizkolari aritu dira txapela irabazteko lehian: Oier Kañamares IV, Julen Olano, Luis Txapartegi eta Xabier Zaldua. Zortzi kanaerdiko ebaki behar izan dituzte eta lanak bukatzen lehena Kañamares izan da 20 minutu eta 40 segunduan; bigarren, Zaldua 21 minutu eta 11 segunduan; hirugarren, Olano 23 minutu eta 20 segunduan eta azkenik, Txapartegi 23 minutu eta 33 segunduan. Horrez gainera, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketa, Binakako Harri-jasotze txapelketa eta Emakumezkoen Ingude Txapelketa ere jokatu dira.
Lehenik, aizkolari gazteen txanda izan da. Bi bikotek hartu dute parte. Alde batetik, Suharri Rodriguez 'Suharri' eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', eta bestetik, Ibai Soroa eta Axel Larrañaga. Lehen txandan Suharri eta Basozabal gailendu dira, 22 segunduko tartea irabaziz. Handik minutu batzuetara jokatu dute bigarren txanda eta Suharri-Basozabal bikoteak lortu du garaipena 10 minutu eta 29 segunduko denborarekin; beste bikoteak 10 minutu eta 46 segunduko denboran amaitu ditu lanak.
Bigarren, harri-jasotzaileak aritu dira binaka, hiru bikote denera. Sailkapenean lehenak Urdax Magunazelaia 'Urdax' eta Jon Irañeta izan dira; bigarren, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria; eta hirugarren, Jon Unanue 'Goenatxo III' eta Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV'. Hiru minutuko bi txandatan egin dute lan. Hauxek emaitzak:
Lehen txanda | bigarren txanda
- Goenatxo III: Kubikoari 10 jasoaldi | Kubikoari 14 jasoaldi.
- Urdax: Kubikoari 12 jasoaldi | Kubikoari 17 jasoaldi.
- Eizmendi: Kubikoari 13 jasoaldi | Kubikoari 17 jasoaldi.
- Iruretagoiena: Zilindro zaharrari 33 jasoaldi | Bolari 25 jasoaldi.
- Irañeta: Zilindro zaharrari 31 jasoaldi | Bolari 24 jasoaldi.
- Etxeberria: Zilindro zaharrari 31 jasoaldi | Bolari 21 jasoaldi.
Orotara, Urdax-Irañeta bikoteak 9.946 kilo altxa ditu; Eizmendi-Etxeberria bikoteak 9.821 kilo eta Goenatxo III-Izeta IV bikoteak 9.482 kilo.
Emakumezkoak ingudean aritu dira lanean, hain zuzen ere, Karmele Gisasola 'Zelaia III', Virginia Finol eta Maika Ariztegi. Sailkapenari dagokionean, Gisasola izan da altxaldi gehien egin dituena minutu eta erdian, zehazki, 96. Bigarren Finol geratu da 92 altxaldi eginda eta hirugarren Ariztegi 90ekin.
Txapelketa bihar, urtarrilaren 1ean, emitituko du ETB1ek 11:30ean