Maialen Sarasola sagardotegiko ordezkaria da. Hauxe Aiurriri eskainitako adierazpenak:
Otsailaren 5ean zen irekitzekoa sagardotegi denboraldia, baina itxiera perimetrala ezarrita zegoen Euskadi osoko udalerrietan…
Aurrena 5ean, gero 12ra atzeratu nuen eta azkenean 19ra an irekitzea espero dugu. Izan ere, itxiera perimetrala mantentzen bada herritarrek baino ezingo lukete etorri sagardotegira. Itxiera perimetrala kentzen dutenean, berehala irekiko dugu, bazkariak emango ditugu ostiralero, larunbatero eta igandero. Astean zehar jendeak deituz gero, irekiko dugu.
Azken bi denboralditan — iazkoa kontuan hartu gabe— indarra hartzen ari zen afarien txanda ostiraletan eta larunbatetan. Berriro martxan hartzen zihoala zirudienean etorri da hau guztia.
Nola uste duzu eragingo dutela neurri berriek bezeroengan?
Ez dago besterik. Pitxarretik hartu beharko dute sagardoa, beraiek esango digute zein kupeletako sagardoa ekartzen nahi duten. Lan gehiago edukiko dugu, baina espero dut jendeak errespetatzea.
Jendea sagardotegira etortzeko gogotsu dago, txuleta jateko eta sagardoa edateko gogoz denak. Jendeak erantzungo duelakoan nago, ari dira deika.
Neurri berriek nabarmen eragiten dute pertsonen hartu-emanetan: ezin da txotx egin, ezin da ondoko mahaikoekin elkartu... Horrek ere eragingo du sagardotegietara joan edo ez erabakitzeko?
Kupel artean sortzen den saltsa edo giro hori jendeari asko gustatzen zaio. Batzuk esaten dute: “Sagardotegira, zertara? Ezin bada txotx egitera altxa, etxean botila sagardoa hartu eta hobe”. Guztiek horrela pentsatuko balute, zein laguntza edukiko genuke guk?
Sagardotegietan lagun eta familia talde handiak bildu ohi dira, eta mahai bakoitzean lau pertsona baino ezin badira egon, aforoa oraindik eta gehiago murriztu behar...
Hamalau lagunentzako den mahaia lau lagunentzako baino ezin dugu prestatu, eta horrek asko murrizten du sagardotegiko aforoa. Pentsatu nahi dut sei lagunetara igoko dutela neurria, ez dutela lau lagunetan utziko. Iazko denboraldian ez genuen ireki, ea aurtengoan zer gertatzen den.
Langile gehiago kontratatatu beharra aurreikusten duzue?
Ikusi egin beharko dugu jendeak nola erantzuten duen. Jendea erantzuten hasten bada, langileren bat gehiago hartu beharko dugu.
Sarasola sagardotegian irekiera festa egin ohi duzue, bertsolariekin nahiz trikitilariekin. Hori ere ez da egongo.
Aurtengoan ez. Jende askok deitu du irekiera festarik izango ote den galdetzeko. Maiatzetik aurrera egoera hobetzen joango dela pentsatzen dut, eta horrela bada orduan zerbait antolatuko dugu. Orain ezin da.
Jendea animatu dadila sagardotegira. Lasai etor daitezela, jana eta edana emango diegu-eta.
Zein ezaugarritako sagardoa dastatzeko aukera izango da aurtengoan Sarasolan?
Ona. Hala ere jendeak esan beharko du hori, baina momentuz ondo bidean goaz. Aurtengoan sagardo litro gutxiago ekoiztu ditugu, ez baitakigu zer etorriko den hurrengo hilabeteetan. Beste urteetan baino gutxiago bete ditugu kupelak.
Botilako sagardoa oso ondo saldu dugu. Itxiera perimetrala dela eta, bezero batzuri sagardoa etxeraino hurbildu diegu. Etxera eramateko zerbitzua oraindik ere martxan dugu. Gainontzean, nahi duen oro hurbildu daiteke sagardotegira sagardoa kaxatan erostera.