"Barneratu beharko genuke baserritarrok ezinbestekoak garela"

Mikel Arberas 2021ko mar. 9a, 09:53

Edurne Goenaga eta Iker Olaetxea, Julen, Ane eta Maialen seme-alabekin.

Aste batzuk atzera eginez, Andoaingo Nafarroako zubitik artaldea igarotzen ari zen bideoak  zabalkunde handia izan zuen Aiurri.eus gunean. Artaldearen atzean, eskualdeko familia bat dago: Edurne Goenagak eta Iker Olaetxeak osatzen dutena.

Ane Jalon andoaindarrak Aiurri.eus bidez zabaldu zuen bideoak arrakasta handia izan zuen. Nondik datorkizue artzain lanbidea?

Etxean betidanik eduki ditugu animaliak; ez ditugu soilik ardiak, behi pintoekin ere lan egiten dugu. Etxeko tradizioarekin edo lanarekin jarraitu nahian, hau guztia aurrera eramaten saiatu gara. Ikerren kasuan, aitak lan egiteaz gain ardiak ere bazituen; ez hori bakarrik, osaba artzaina zuen. Ardiak gustuko zituenez, lanbide honetan mugiltzea erabaki zuen. 

Zehatz-mehatz zein lan egiten dituzue baserrian?

Batetik, behi esnearekin lan egiten dugu. Ekoizten duguna Kaiku enpresara bidaltzen dugu zuzenean. Ardi esnearekin, berriz, gazta egiten dugu; ardi-gazta hondua delakoa ekoizten dugu. Ez hori bakarrik, arkumeak ere saltzen ditugu. Produktu mota ezberdinak eros daitezke geurekin harremanetan jarriz gero. 

Geroz eta baserritar gutxiago daudela diote... Galzorian dagoen lanbidea da?

Bai, dudarik gabe. Beti egiten da norbait baserritar, baina lanaren oso esklabua da. Asko lotzen zaituen lanbidea da nekazaritzarena eta abeltzaintzarena. Gogorra baino gehiago, une oro adi egon beharreko lana da. Geure kasuan ez daukagu oporraldirik, ezta iganderik ere. 

Ordu batzuk libre har ditzakegu, baina zaila da. Familia osoa ezin gara oporretara joan, esaterako. 

Baserritarren lana gutxietsita dagoela uste duzue?

Geure lana baloratuta egongo balitz, pertsona gehiagora iristeko amua litzateke. Ikusi izan dugu zenbait baserritan seme-alabek lanbideari jarraipena ez ematea erabaki dutela. Esperientzia ona eduki ez dutenaren seinale izango da, ziurrenik. 

Askok, gainera, ez dute geuk ekoiztutakoa baloratzen; adibidez, uragatik esneagatik baino gehiago ordaintzen da. Baina guretzat kaletarrak ezinbestekoak dira, produktuak saltzetik bizi garelako. 

Baserritarrak beharrezkoak al dira, geure kasuan, Euskal Herrian?

Askok galdetzen dute hori, eta barneratu beharko genuke ezinbestekoak garela. Baserritarrak behar dira. Garai batean barneratuagoa zegoen pentsamendu hori. Garai batean baserritarrek ekoizten zutenetik bizi ziren herritar asko, abeltzaintzatik eta nekazaritzatik. Kontua da gaurko haurrek ez dakitela produktuak nondik datozen, eta nola ekoizten diren. Ziurrenik horietako haur eta gazteei galdetuko bagenie produktu askoren jatorriaren inguruan, ez lukete jakingo zer erantzun. Eta ez gaude hiritarrez soilik hitz egiten, baita herritxoetan bizi direnei buruz ere. 

Hezkuntza aldetik badago zeregina, izan ere, gabezia handia ikusten dugu arlo honetan. Gazteei baserriaz hitz egin eta burura datorkien lehenengo gauza usain txarra da. Zer jaso du pertsona horrek, baserria hitza esan eta hori gogoratzeko? 

Beste ikuspuntu bat erakutsi beharko zaie, esaterako, jaten duten gauza asko baserrietatik datozela. 

Ikastetxeetatik bisitaldirik jaso duzue noizbait?

Duela hiru bat urte etorri ziren, bai. Oso ondo pasa zuten eta zenbait gauza erakutsi genizkien. Baina lehenago esan bezala, gai honetan lanketa falta handia dago; baserria oso garrantzitsua izanik, gutxik ematen diotelako garrantzia. 

Bertako produktuak erosi edo kontaktatu  nahiez gero hots egin 667 07 36 35 zenbakira. Edo jarraitu @erniope_gazta instagram kontua.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 576. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!