Jokabide zatarrekin amaitzea eskatzeko elkarretaratzea, arratsalde honetan Asteasuko plazan

Aiurri 2021ko mar. 18a, 13:28

Arratsaldeko 18:00etan izango da, herriko plazan. “Guztionak diren espazioak zaintzea eta horiekiko ardura hartzea” aldarrikatuko dute bertan.

ASKI DA!!! DENONA DENA, DENON ARTEAN ZAINDU ETA DENOK GOZA DEZAGULA!

Azken hilabeteetan gertaera desatsegin ugari jazotzen ari dira gure herrian, horietako asko Eskolako eremuan edo haren inguruan.

- Eskolako jolaslekuko kolunpioa zein lurra altxa dituzte.

- Eskolako fokoak zein koloretako bandera hautsi dituzte.

- Eskolako kanpoko komuneko atea eta komuna bera behin eta berriz hautsi egin dituzte, eta horren ondorioz eskolako ordutegitik kanpo itxita dago orain.

- Eskolako ikasgela batetik 14 ordenagailu lapurtu egin dituzte.

- Eskolako ikasleen eskariz, eskola inguruan jarritako sakangune edo badenak jarri eta astebetera kendu egin dituzte.

- Eskolako portxea zein frontoia kristalezko botilaz beterik agertu dira behin eta berriz ikasleak eskolara sartzeko garaian.

- Herriko frontoiko hainbat eserleku hautsi egin dituzte.

Eraso hauek guztiek kalte ugari eragin dituzte, bai ekonomikoak baita elkarbizitzari lotutakoak ere. Txikiketen konponketak 15.000 euroko gastua utzi digute herritarroi eta egoera honek herritar askoren artean haserrea eta ezinegona sortu du.

Jakin badakigu gertaera bakoitzaren atzean pertsona edo talde desberdinak daudela, baina gure ustez, funtsean badago gertaera horiek guztiak elkar lotzen dituen gako bat: errespetu falta.

Norberarena ez den eta bereziki guztiona denarekiko errespetu falta!

Egoera hau izanik ere, norbere buruaz haratago, bizilagun guztien ongizatean pentsatuko duen komunitatea sortzea posible dela sinetsita gaude. Guztiontzako Asteasu baten bizitzea posible dela sinisten dugu!

Hortarako guraso zein herritar orori guztionak diren espazioak zaintzea eta horiekiko ardura hartzea eta kontzentrazioan parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Guztion artean lor dezakegu!

Eraiki dezagun asteasu herritik eta herriarentzat!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!