Eskualdeko gazteen arteko adiskidetzea sustatzeko ekimena

Sara Medrano 2021ko api. 22a, 12:20

Aurtengo Aste Santuan eguraldia lagun izan dugu, eta oporrak direla aprobetxatuz, Asteasuko gaztetxoek egunpasa ederra antolatu zuten. 'Asteasu Jolasean’ ekimenaren bidez, ekintzaz beteriko eguna ospatu zuten Andazarraten.

Asteasuko Udalaren, Gaztelekuaren eta Mattin Gizarte Abenturaren bitartez antolatu zuten ekimena, gazteen parte hartzea sustatzeko helburuarekin. “Udaletik deia jaso genuen, nerabe eta gazteekiko kezka eta urruntasun bat sentitzen zutela adieraziz, eta hortik tiraka hasi ginen guztia antolatzen”, dio Garazi Jauregi Asteasuko Gaztelekuko hezitzaileak. 

Solasaldi horren muinari tiraka, Asteasu herriarekiko beharrak, gabeziak eta indarguneak landu eta forma eman zioten ekimenari: “DBH1etik hasi eta batxilergora arte hutsune handia antzematen genuen eta hutsune hori betetzeko zerbait egin behar genuela iruditu zitzaigun”.

Gazteen arteko egunpasa

“Haurrekin hasi ginen lanketa egiten, adinka banatu genituen taldeak, beraien arteko elkarlana sortuz”, azaldu du Beñat Garcia Mattin Gizarte Abenturako hezitzaileak. Asteasu, Villabona, Zizurkil, Larraul...inguruko herrietako hirurogei gazte, adin ezberdinetakoak batu ziren egunean bertan. Herri ezberdinetakoak izanik, akaso, ez ziren gehienak ezagutuko baina ekimen honen helburuetako bat elkarren arteko harremana sustatzea izan zen, eta helburu hori lortu dutelakoan daude. 

Berezitasun moduan aipatu dute, ez dela hezitzaileek antolatutako zerbait izan, baizik eta haurren ideia eta ilusioetatik ateratako zerbait izan zela: “Haien parte hartzea izan da nagusi. Antolatzen lagundu diegu, haien bidelagun izan gara”. Ginkana erraldoi bat egitea zen gazteen nahia, eta denon artean ongi pasatzea. Hezitzaileek gustura geratu dira emaitzarekin eta hemendik aurrera prozesu ezinbestekoa iruditzen zaie. Gazteen artean saretxoa sortu dadin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!