Arduraz jokatzeko deia herrikideei

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Gil 2021ko eka. 22a, 10:13

Haritz Mujika bertsolaria eta Pili Legarra alkatea, 2018ko jaietan.

Pili Legarra alkatea: "Ondo pasatzeko dei egin nahi diegu herritarrei, baina arduraz jokatzea ere eskatu nahi diet".

Asteartearekin egokitu da aurten San Pedro eguna. Ohiko festarik egin ezin bada ere, herriko egun handia ospatuko dute Asteasun. Pili Legarra alkateak azaldu duenez, “aurten ere ezingo ditugu jaiak nahi bezala ospatu, egoera ez delako erabat normalizatu. Nolanahi ere, San Pedro egunari indar berezia eman nahi izan diogu eragile ezberdinen artean, eta iazkoa baino egitarau oparoagoa prestatu ahal izan dugu. Ondo pasatzeko deia egin nahi diet herritarrei, baina arduratsu jokatzeko eskaera ere luzatu behar diet”. 

San Juan bezpera izango da jaien atarikoa. Gaueko 21:00etan egingo dute urteko gaurik motzenaren inguruko ospakizun xumea. 

Jaien atarikoak

Ekainaren 26 eta 27ko asteburuan jarriko da martxan aurtengo Sanpedroetako egitaraua. Oinkari dantza taldeko kideek eta Trikitilari eskolako ikasleek, ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute. Dantzarien txanda izango da larunbatean, 17:00etan hasita. Usarrabi pilotalekuan eskainiko dute emanaldia. Igandean ere izango da zertaz gozatu. Eguerdiko 12:30etan hasita herriko trikitilari eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute. Bi ekitaldietan, noski, osasun eta segurtasun neurriak zainduko dira. 

Gonbidapenik ez da beharko

Pili Legarra alkateak azaldu duenez, jaietako ekitaldietara joan ahal izateko ez da sarrera edo gonbidapenik beharrik izango. “Segurtasun eta osasun neurriak betetzeko, beharrezko tarteak ondo zainduko dira, baina ez dugu sarrerarik eskatuko”. 

Asteburuari jarraipena emanez, ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte ekainaren 28rako. Goizean, 09:30etan hasita, Lhko ikasleei zuzendutako H Konkis txikia ekitaldia izango dute. “Gazteek, eurentzako prestatutako jokoak landu dituzte. Herri hezitzaile ekimenean sartuta dago Asteasu, eta horren baitan antolatu da ekitaldi hori, baita DBHko gazteek San Pedro egunerako prestatutakoa ere”. 

Iluntzeko 19:00etan Piraten emanaldia izango da pilotalekuan eta gauean, San Pedro egunaren atariko garrantzitsua iritsiko da. 22:30etan hasita, Asteasu kanta-bideo proiekzioa egingo dute. Hainbat herritar musikariren artean Asteasuri egindako kantua aurkeztuko dute herritarren aurrean. 

Musika, bertsoa eta herri kirolak San Pedro egunean

10:00etan jarriko da martxan eguneko egitaraua, dianarekin. 11:30etan, herriko musikariek kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena, jai giroa zabalduz. 12:30etan, bertsolarien saioa izango da pilotalekuan. Maila handiko saioa aurreikusten da gainera. Izan ere, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal arituko baitira kantuan. Amaia Agirre izango da saioaren gidaria. 

Arratsaldeko 17:00etan herri kirolekin gozatzeko aukera izango da Asteasun. Herriko plazan arituko dira Aimar Irigoien, Mikel Lopetegi ‘Urra’ eta Udane Ostolaza harriekin eta Eneko Otaño eta Ugaitz Mugerza aizkorarekin. 

DBHko ikasleek antolatutako ‘Argazki eroa’ ekitaldia izango dute arratsaldeko 17:00etan. Pilotalekuan elkartuko dira gazteak. Eta iluntze aldera, 19:00etan hasita, Puro Relajo taldeak emanaldia eskainiko du pilotalekuan. Musika mexikarra eta euskal klasikoak ditu talde honek bere errepertorioan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!