Hasteko, zer da Abox Fit?
Asteasun sortu nahi dudan zentroa da, oraindik ez dago martxan baina proiektua lantzen hasi naiz; Anttine egunaren elkarlanetik datorren egitasmo berritzailea da.
Anttine eguna dela eta, hainbat ekintza antolatu dituzue.
Duela bi urte egin zen lehendabizikoz Anttine eguna, eta aurtengoa bigarren edizioa izango da. Asteasun gazte ekintzaileak elkartu gara, aurtengoan; Patxine Taberna (Egoitz), Mattin Gizarte Abentura (Beñat) eta ni neu Abox proiektuarekin.
Anttine Eguna martxoaren 26an izango da baina egun horren aurretik ekintza gehiago antolatu ditugu gure proiektuak ezagutarazteko. Entrenamendu funtzionala antolatu nuen nik, Patxinek mus txapelketa antolatu du eta Beñatek haurrekin irteera bat egingo du. Egunean bertan, aldiz, "Herri kirolak vs Crossfit" saioa egingo da.
Zer da entrenamentu funtzionala?
Adin eta kondizio fisiko guztietara egokituta dagoen entrenamendua da. Gorputzaren pisuarekin egindako ariketak egitea da, zirkuitu batean eta taldean. Modu dinamiko batean egindako entrenamendua. Sentadillak, abdominalak, flexioak, betidanik egin izan diren ariketak, baina forma ezberdin batean, jolas moduan.
Nolako harrera izan du ekimenak?
Oso ona. Jende gehiagorengana iristea falta zaigu, baina, orokorrean, gerturatu ziren pertsonak oso gustura aritu ziren lanean. Parte hartzeaz gain, nire proiektuarekiko interesa adierazi zuten eta oso pozik nago.
Kontaiguzu zure proiektua...
Aiztondo bailaran entrenamendu pertsonalen zerbitzua eskaini nahi dut. Zerbitzu hori indibiduala izan daiteke edo talde txikian. Entrenamendu horiek egiteko lekua martxan jartzen ari naiz Asteasun, nire etxean. Eta etxez-etxeko zerbitzua ere emango dut, bezero batek hala eskatuz gero.
Behar gehienak dituen jendeari bideratuta egongo da. Gimnasiora joateko beldurra duenarentzat, edo gimnasioan bere kontura entrenatzen ez dakien jende horrentzat. Azken finean, Asteasun eta Villabonan kiroldegirik badago, baina jende askok ez daki zer egin, edo ez da eroso sentitzen.
Nola bereiziko zenituzke gimnasioko lana edo entrenatzaile pertsonal batek ematen duen zerbitzua?
Jende askok ez du bere lekua bilatzen kiroldegian. Osasun aldetik, estetikagatik edo lesio batengatik joaten dira asko, baina, ez dute beren lekua topatzen. Klaseetan ere asko ez dira eroso sentitzen ezin dutelako klasea jarraitu edo muskulazio gelan ez dakielako zehazki zer eta nola egin. Entrenatzaile pertsonalak gaitasun fisikoa, mugak eta gabeziak baloratu eta horren arabera entrenamenduak sortzen ditu.
Ba al duzu bezero profilik?
Denborarik ez duena entrenatzeko, ez dakiena nola entrenatu edo osasuna hobetzeko entrenatu nahi duena. Adibideak jartzearren, 50 urteko gizona, 35 urteko emakumea, 5-10 kilo galdu nahi dituen pertsona, egunerokotasunean indar entrenamendu bat egin beharko lukeena... Hortaz gain, gazte zein helduentzako ere cross training zerbitzua eskainiko dut.
Zein da zure prestakuntza eta zein zure espezialitatea?
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua (JFKZ) ikasi nuen, Gasteizen. Horren barruan, osasuna eta jarduera fisikoaren espezializazioa hartu nuen. Beraz, nire espezialitatea osasun arlokoa da, errendimenduan baino gehiago. Gainera, lan egin dudan 5-6 urte hauetan horrelako profilekin egin dut lan, beraz, esperientzia ere badut.
Zergatik entrenatzaile pertsonala izatearen hautua?
Askori gertatzen zaien moduan, ikasketak amaitu ondoren, ez nekien zertan lan egin eta nire lagun baten bitartez sortu zitzaidan aukera entrenatzaile pertsonal gisa lan egiteko. Garbi nuen kirola eta osasuna uztartu nahi nituela, horregatik hasi nintzen entrenamenduak ematen, eta asko gustatu zitzaidan. Nire burua ere entrenatzen hasi nintzen bai bidea egiteari ekin ere.
Lorpenek asetzen al zaituzte?
Zalantzarik gabe. Nire lanaren alderik positiboena hori da, hain zuzen. Kasu errealak izan ditut, adibidez: kirolik egiten ez duen 50 urteko emakume baten helburua kirola egiten hastea izanik, hori lortu eta gainera, Behobia burutzea, (inoiz korri egin ez duenean), forman sentitzea, igeri egiten ikastea etabar. Hasierako helburua zerbait sinplea egiten hastea izanik, ondoren, denboraren poderioz forma fisikoa lortzea, garatzen joatea eta helburu gehiago jartzen amaitzea. Jendea ondo sentitzen dela ikusteak eta kirola gustura egiten duela ikusteak ere asko asetzen nau, batez ere aurretik ez badute sentimendu hori izan.
Ba al du lekurik porrotak?
Bai, noski. Munduan ez dago entrenatzailerik sentsazio hori biziko ez duenik. Askotariko pertsonak daude eta batzuk ez dituzte jarritako helburuak beteko, faktore asko daude hori gertatzeko. Normalean, denbora falta edo konpromiso eza izaten da. Beste batzuetan izan daiteke nik ez dudalako nire lanarekin asmatu.
Sedentario bilakatu al gara?
Gizarte sedentario batean bilakatzen ari gara. Garai batean, lan fisikoagoak egiten genituen, alde batetik bestera joateko, egunerokotasunean gehiago mugitzen ginen... Orokorrean, geroz eta sedentarismo gehiago dago, gainera, elikadura ere oso garrantzitsua da, eta nahiz eta hemen nahiko elikadura hona eduki, osasun arazoak dituen pertsona asko dago jendartean. Pandemiak ere eragin handia izan du: egunak eserita igarotzen badituzu, etxean sartuta mugitu gabe, indar asko galdu dezakezu, masa muskularra galdu daiteke eta alde horretatik behar handia dago jendeari zerbitzu berri bat eskaintzeko.
Nola jarri gaitezke zurekin kontaktuan?
Sare sozialen bitartez, edo emaila bidalita. Instagram eta Facebookean Aritz Segurola jarrita agertuko naiz.
- Emaila aritzsegu4@gmail.com da.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.