Harrera bikaina izan dute Lamiategiko etxebizitzek

Aiurri 2022ko ots. 11a, 11:29

31 etxebizitza berri egingo dituzte Lamiategi eremuan. Etxebizitza libreak izango dira, baina salneurri mugatua dute. Duela urte batzuk Asteasuko Udalak erosi zuen lurzorua, eta horrek ahalbidetuko du salneurri mugatua izatea.

 

Urtarrilaren 28an amaitu zen Lamiategin etxebizitza bat erosteko aukera izateko izen-ematea. Pili Legarrak azaldu duenez, “garbi geratu da eskaera badagoela. 64 izen-emate izan ziren guztira. Poz berezia ematen du gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera hau emateak. Familia osatuko duten gazteak gure herrian geratzea garrantzitsua da. Gainera, esango nuke Asteasu herri erosoa dela bizitzeko; zerbitzu asko eskaintzen ditu”.

Bi eta hiru logelatako etxebizitzak izango dira Lamiategikoak. Aurrez egindako etxebizitzen alboan egingo dute eraikina, igerileku aldera. “Etxebizitza bakoitzak trastelekua eta garajea ditu eta jabe berriek lote osoa eskuratuko dute”. Eraikitze lanak hasten direnean, urte eta erdi inguruan amaituta egotea espero dute Asteasuko Udalean. Larrain SA promotorak izango du eraikina egiteko lanen ardura.

Laster egingo dute etxebizitzen zozketa. “Epe laburrean jakinaraziko da data. Izena eman dutenek zenbaki bat izango dute. Zenbaki bakarra aterako da zozketan. Zenbaki horren jabeak etxebizitza aukeratu ahal izango du eta berdin jarraian datozenek ere. Norbaitek uko egingo balu, hurrengo zenbakia duenak izango luke aukera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!