Telesailak audientzia datu bikainak eman ditu, eta herriz herri egiten dituzten ikuskizunetarako sarrerak azkar batean agortzen dira. Basteron egon eta gero, Go!azen musikala Gurea zinemara iritsiko da. Bertan izango da Iñaki Mujika asteasuarra.
Arrakasta handia du Go!azenek. Nola daramazu besteen begietara arreta zureganatzea?
Oso arraroa da. Duela urtebete ez nintzen ezaguna eta orain edozein herritara joaten naizela, bertako haur guztiak gerturatzen zaizkit. Batzuetan egoera estu xamarra izan daiteke, baina gogoko dut.
Amaieraraino protagonista izan zara. Datorren urtean ere ikusiko zaitugu Go!azenen?
Bai, dagoeneko baieztatu didate jarraituko dudala. Eta espero dut esperientzia luzerako izatea, asko gustatu zait eta. Hainbatek jarraituko dugu, eta hiruzpalau kide berri sartuko dira. Dagoeneko castinga zabalik dago. Espero dut protagonista izaten jarraitzea.
Telesailak behintzat arrakasta handia du 8-11 urte arteko gaztetxoen artean. Zer da zaletuek galdetzen dizutena?
Begira-begira geratzen dira, eta askotan lotsa ematen die guregana gerturatzea edo zerbait galdetzea. Desberdintasuna nabari da gainera, Donostia bezalako hiri handietan, ez die lotsik ematen zuregana gerturatzeak, baina herri txikietan lotsatiagoak dira. Nik agurtu egiten ditut beti. Haurra nintzela Go!azen ikustea eta bertako protagonistaren bat kalean ikusten banuen izugarria izaten zen. Sentsazio hori orain neronek sorraraztea berezia da. Oraindik kosta egiten zait sinestea.
Zu taula gainean musikari bezala aritu zara Meliora taldearekin. Oso estilo ezberdineko musika da.
Hard-rock estilokoa da Meliora. Baina Nera izeneko beste talde batean ere banago, pop estilokoa horixe. Aurten disko bana atera nahiko genuke, bi taldeekin. Zozongo batukada taldeko kidea naiz, Skaitfall deitzen den beste talde batean ere banago, metal core edo hard core estilokoa. Askotariko estiloak probatzea gogoko dut.
Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Familiatik. Nire amona musikaria da, eta bere seme-alaba guztiak ere bai. Zortzi senide dira eta guztiek jotzen dute musika tresnaren bat. Haurtzarotik entzun dut aita musika jotzen, baita amona ere. Nire arrebak biolina jotzen du, anaiak klarinetea…lau urterekin pianoarekin hasi nintzen, gero bateria ikasi nuen, eta orain kontserbatorioan perkusioko ikasketak burutzen ari naiz. Nire kabuz gitarra jotzen ikasi dut. Eskutara etortzen zaidan instrumentuekin proba egitea gogoko dut.
Zein disko edo talde ari zara entzuten azken aldian?
Ikasketak tarteko, batez ere jazza ari naiz entzuten. Metal progresiboa, jazz fusioa, 80 hamarkadako rocka… musika hori entzuten dut.
Musikan oso trebatuta zaude, formakuntza handia duzulako. Eta beharbada antzezpena da gutxien landu duzuna. Erronka handia izan da zuretzat?
Bai. Martxa hartu arte gogorra da. 12-13 orduko saioak izaten dira; lehenengo sekuentzia grabatzen duzu eta batzuetan azkeneko sekuentzira arte ez duzu berriro parte hartzen. Grabaketa egunak jarraian izaten dira, eta bezperatik gidoi guztiak ikasi behar dituzu.
Grabazio saioak gainera ez dira kronologikoak. Grabaketan zehar ez zoaz pertsonaiarekin batera eboluzionatzen, baina aktore modura horrela lan egiten ohitzen zoaz.
Zer nahiago duzu, zuzeneko emanaldia ala grabaketa saioa?
Zuzeneko musikala, zalantzarik gabe. Grabaketak ez dira naturalak eta zuzenean ari zarenean, azkenean, nahi duzuna egiten duzu. Gidoia duzu, baina askoz ere dibertigarriagoa da.
Ikusten duzu telesaila telebistan?
Bai, bai. Egindako lana ikustea gogoko dut. Eta asko ikasten da. Grabazioaren unean bertan jabetzen ez zaren detaileak hobetzeko baliagarria zait. Hasiera batean oso lotsati agertzen nintzen, kamera aurrean. Eta berez lotsatia bazara, pantailan askoz lotsatiago ikusten duzu zure burua. Oraindik ez dut oso gogoko nire burua hor ikustea, Euskal Herriko ia gaztetxo guztiek ikusten dutela jakinda gainera... baina ikasketa prozesu bat da.
Inguruko lagunek, etxekoek nola ikusten zaituzte?
Ondo ikusten nautela diote. Barre egiten dute nire kontura, adibidez, erabiltzen dudan hizkuntza dela-eta. Euskara batuan antzezten dut, baina egunerokoan beste hizkera bat erabiltzen dut. Graziosoa da. Baina, bestalde, oso babestuta sentitzen naiz. Familiaren aldetik babes handia jaso dut.
Asteasun bizi zara. Zer moduzkoa da Asteasu bizitzeko?
Bikaina. Ez dut aldatu nahi. Donostian egiten dut ia bizitza guztia, han ikasten nabilelako. Goizetik gauera Donostian egoten naiz, baina Asteasun nagoenean bakea topatzen dut. Oso lasai bizi naiz Asteasun.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.