Aurrekontua martxan dago, inbertsio-sorta abian jartzeko

Aiurri 2022ko ots. 23a, 07:48

2.634.800 euroko aurrekontua du Asteasuko Udalak, 2022an. Abenduaren 22ko batzar orokorrean onartu zituzten, Asteasu Batuz eta EAJ-ren aldeko bozkekin. Iazko aurrekontua baina handiagoa izango da aurtengoa. Guztira 405.175 euro gehiago izango ditu aurten Asteasuko Udalak.

Inbertsio ezberdinak aurreikusi dituzte 2022an zehar egiteko. 379.450 euro beharko dituzte horretarako. Herri bideen konponketa, Tranpaluzo parkearen eraberritze lanen bigarren fasea, hilerrian hezurtegiak eraikitzea, eskolako isolamendu termikoa egitea… lan ezberdinak aurreikusi dituzte. 

Eskolako isolamendua

Eskolako isolamendua egitea proiektu handia izango da. Pilik Legarrak azaldu duenez, “Udal eraikinetan jasangarritasun energetikoa lortzeko zenbait helburu finkatuta daude eta horiek betetzeko bidea, urte hauetan lan ezberdinak egiten ari gara. Aurten, eskolako eraikinaren isolamendua egin nahi dugu. Proiektu potoloa da eta diru-laguntza eskuratzea ere espero dugu”. 

Inbertsioez gain, zerbitzuen mantenura eta funtzionamendura bideratuko dute aurrekontuaren zati handi bat. Zerbitzu asko ditu Asteasuk eta 1.148.650 bideratuko dira horietara. Herri bideak, eskola, udal eraikuntzak, kiroldegia, kultur etxea, igerilekua, kultur jardunaldiak edota herriko jaiak sartzen dira atal honetan. 

Gaur egun, osasun onean dago Asteasuko Udalaren egoera ekonomikoa. Mailegu bakarra du Udalak momentu honetan. “Azken urte hauetako aurrezpenen ondorioz, mailegu bakarra geratzen zaio Udalari eta 2023rako ordainduta izatea espero dugu. Gastu hauei aurre egiteko, 80.250 euro beharko dira aurten”. 

Aurrekontuak osatzeko garaian, Asteasuko Udalak nahiago izaten du zuhurtziaz jokatu. “Urtean zehar hainbat diru laguntza eskatuko ditu udalak, baina horiek ez dira diru-sarreren atalean sartu. Guztiz bermatuta dauden kopuruak bakarrik sartzen dira. Aurrerago, jasotzen diren diru laguntza horiek aurrekontuak handitzeko balio izaten dute. Orain, aurreikusitako gastuak ordaintzea bermatuta dago, noski”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!