Tabuen kutxatxik oholtzara. Zergatik izenburu hori? Zein da helburua?
Minbizia diagnostikatu eta tratamendua hasi arteko prozesua norberak bere bakardadean darama, baita ebakuntza eta ondoko bide osoa ere. Minbizia duzunean, hasieratik begien aurrean jartzen zaizun bidea oso malkartsua da. Fisikoki eta psikologikoki aldaketa asko eragiten ditu, baita egunerokotasunean ere. Eta horri guztiari hitzak jartzea eta tabu den guztiari ikusgarritasuna ematea da helburuetako bat.
Nolako saioa da?
Bertso saio musikatua da, aurrez elkar ondo ezagutzen dugun taldea gara. Berezitasuna gai jartzaileetan egongo da, bereziki. Inurri taldeko partaideak izango baitira nirekin oholtzara gaiak jartzera igoko direnak. Asteasukoa 80 laguneko aforoa duen harrizko areto estu eta luze bat da kantulekua, minbiziaren prozesua bezalaxe.
Etorriko den entzulea gure gertuko jendea da, kausak eta bertsoak erakarrita datorrena. Bere hondar alea jartzeaz gain gaiarekiko dituzten aurriritziak mugiarazteko eta ikasitakoa desikasteko prest datorrena.
Lehenengo saio solidarioa Donostiako Dokan izan zen, joan zen urtarrilaren 30ean.
Ustez bakarra izango zela sinetsita antolatu zen. Geroztik harreman estua egin dut Inurri taldekoekin eta Dokako saioan jende mordozka bat kanpoan geratu zela ikusita, elkar animatu eta beste saio batzuk antolatzeko ilusioari heldu genion. Nik pertsonalki minbizia oso gertutik bizi izan dut etxean eta horrek asko motibatzen ninduen.
Gai jartzaile bezala arituko zara lanean, baina diozun modura minbizia gertutik bizi izan duzu…
Bularreko minbia da ardatz eta oinarri. Gai guztiak bularreko minbizia izan duten edo gaur egun tratamenduan dauden emakumeen bizipenetatik sortu dira. Gai jartzaile eta gidaritza lanak nik egingo ditut baina Inurrikoak izango dira saioaren zutabe. Eurek egingo dute gai emaileen lanaren zati handi bat. Euren ahots eta euren gorputz, euren bizipen eta euren aldarrikapen.
Asteasuko Udala eta Iñurri elkartearen elkarlana da, zer nolako lana egiten ari da iñurri elkartea?
Ama galdu zuen alaba baten ekimenez sortutako elkartea da. Bidelagun beste neska gazte bat zuen, hasiera batean. Orain biak elkarrekin hasitako bidean minbizidun emakumeak batu dira. Minak eta pozak elkarbanatzeak aberasten gaitu. Elkar hartuta eta elkarrekiko enpatia eta elkar ulertzea ezinbestekoa da. Zapi koloretsuen kanpaina, arrakasta handiko egutegia, ikastetxeetan hitzaldiak, elkarren zaintza... lan handia ari dira egiten. Eta aurrera begira ere horretan jarraituko dute. Tabuak jendartera atera eta sentimentuei hitzak jartzen.
Asteasuko udalari eskerrak eman beharrean gaude. Ni bertan bizi naiz eta saio musikatu monografikoa egiteko proposamena egin nienean berehala eman zidaten baiezkoa. Dena eskura jarri digute eta pozgarria da oso. Eta niretzat saio berezia izango da, noski. Negar eta barre aldi berean egitearen hunkidura eta plazerra zer den jakin dut emakume eder hauei esker. Bizitzaz gozatzen eta gogorraren gordina goxatzen irakasten ari zaizkit egunero. Asteasuko bertso saioa barne bidaia itzela izango da. Niretzat opari bat izan da izan Inurri elkartea eta bertako partaideak ezagutzea eta bide hau elkarrekin egiteko zortea izatea.
Aspanogiko zuzendaritzaren barruan zaude. Nolakoa da barrutik lan egitea?
Aspanogiko zuzendarikidea naiz, iaztik. Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartea da. Alaba zaharrenak leuzemia izan zuen eta banuen zor pertsonal bat. Aspanogik 5 urteotan emandako guztia ezin da itzuli baina behintzat esker onez nire alea itzuli nahi diot bolondres lanetan zuzendaritzako kide bihurtuz. Hor ere erreleboa behar zen eta pausoa eman nuen.
Dimentsio handiko eta bide luzea daraman elkartea da Aspanogi. Ume eta familia asko daude aldiro laguntza eta babesa behar dutenak, baita etxez etxeko zerbitzua, ospitaleko uneoroko zaintzan otorduak eta egongela bat eskainiko dizkien katea, ikastetxeetan sentsibizilazio kanpainak, hezkuntzarekiko jarraikortasuna gaixo dagoen umearekiko, gurasoen lanaldiaren etetea eta horren kudeaketa....
Gauza eta alor asko daude zaindu beharrekoak. Egun batetik bestera bizitza hankaz gora jartzen da familietan, eta hori guztia kudeatzea ez da erreza. Eta horretarako dago Aspanogi. Bertan 4 langile ari dira aldiro hau guztia bideratzen. Gai burokratikoak, administratiboak, osasun mailakoak, psikologikoak...
Sare oso handi eta garrantzitsua osatzen dugu, baina horretarako lan asko egin behar da eta modu guztietako laguntzak ezinbestekoak dira. Familia handi bat gara, denok une batean leku beretik pasa garenak. Batzuk bidean geratu dira baina hala ere elkar hartuta egiten dugu aurrera.
Esperientzia honen bitartez familia asko ezagutuko zenituen.
Minbizia inoiz entzun nahi ez duzun hitz bat da. Albistea jasotzen duzunean ez dakizu nondik hasi ere. Mundua amiltzen zaizu eta ordu arte eraikitako dena dardarka jartzen zaizu. Eta horretarako ezinbestekoak dira elkarteak, baina baita elkarteen lana bistaratzea eta ikusgarritasuna ematea ere. Eta zer esanik ez gai hauen inguruan lasai eta naturaltasunez hitz egitea. Etorkizun hurbileko bizikide izango da minbizia etxe guztietan, beraz ez diezaiogun iskin egin. Hitz egin dezagun eta ikusgarritasuna eman diezaiogun merezi duen eta dugun moduan. Minbiziak biziminetik ere asko du eta alderdi hori ere landu behar da. Umorea ezinbesteko sendagai da izan Inurrin, baita Aspanogin ere. Bizipozak eta umoreak ez du kimioak duen albo kalterik, alderantziz, barrutik indartu eta kanpoa edertzen laguntzen dizu, bide gogor eta zaila pixka bat leuntzen.