"Kros solidarioa Aiztondo bailarako herri guztien festa izatea nahiko genuke"

Irune Alfonso 2022ko mar. 17a, 07:26

Peio Izagirre, Antton Elizegi, Isabel Dumall eta Joseba Txapartegi antolaketa taldeko kideak dira.

Isabel Dumall, Antton Elizegi, Maite Iraola, Peio Izagirre,  Julen Sarasola eta Joseba Txapartegi herrikideak antolaketa lanetan ari dira. Elkarrizketa antolatzaileei.

El Salvadorreko Segundo Montesen aldeko kros solidarioa iristear da. Aspaldikoa da eskualdeko lotura hango komunitatearekin. Zertara bideratzen da hemendik doan laguntza?

Joseba Txapartegi: Lasterketa antolatzeko asmotan genbiltzala Segundo Monteseko ikasleentzat beka lortzeko dirulaguntza eskaera iritsi zitzaigun. Bi ideiak lotu eta lasterketa solidarioa antolatzea erabaki genuen.

Peio Izagirre: Hango ikasleen ikasketetarako bideratuko da Asteasun lortutako dirua, hainbat gaztek ikasteko aukera izan dezaten. 

Isabel Dumall: Turismo eta ostalaritzako ikasketak egiteko bekak dira. Azken finean, beraientzat aukera bat da, bizitza duin bat eramateko aukera bat. Diru kopuru txikia iruditzen zaiguna beraientzat asko da. Laguntza handia da, batez ere hango egoera ikusita. 

Antton Elizegi: Abenduarekin egin izan dugu azken urteotan. Aurtengoa seigarren urtea da antolatzen dugula. Hasiera-hasieratik El Salvadorreko komunitateari laguntza emateko proba izan da.

Beraz garrantzitsua da Kros solidarioan parte hartzea.  

A.E: Ikasketak eurentzat oso garrantzitsuak dira komunitate horren inguruan delinkuentzia ugari baitago. Lana sortzera bideratuta dago proiektua, lurraldea indartzeko, bertako bizimodua hobetzen laguntzeko. Horrexegatik, krosarekin bat egitea garrantzitsua da.

P.I.: Deialdia irekia da, horregatik, inguruko herri guztietatik partaideak gustura hartuko ditugu. Aiztondo bailarako herri guztien festa izatea nahiko genuke. 

Kros solidarioa lasterketa da, baina era berean bada ospakizun moduko bat. 

P.I.: Hori da. Lehentasuna egitasmoa da, baina herrian ospakizun modukoa egitea da bigarren helburua. Pandemiaren eraginez atzeratzen joan den festa izan da. Zehazki, bi urte galdu dira. Oraingoan ez dugu kale egingo eta hitzordua martxoaren 26an da.

I.D.: Sari banaketa ekitaldia ere izango da. Ez da gauza handirik izango, detailetxo bat. Festa txiki bat izatea nahi dugu bailaran eta bailarako herritarrentzat. Jendeak  proiektu honen berri izaten jarrai dezan.

 

Martxoak 26, larunbata
Asteasuko plazan hitzordua

11:00 Izen-ematea.
11:30 2012az geroztik jaiotakoek 500 m.
11:40 2008-2011, biak barne, 2 Km.
11:45 Oinez, kalejiran... itzuli solidarioa.
12:00 Kadeteak, 4 Km. Jubenilak eta seniorrak 6 Km. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!