Ez dakienarentzat, zer da Anttine Eguna eta zein da helburua?
Beñat Garcia: Anttine eguna duela bi urte sortu genuen 5 ekintzaile gazteren artean. Anttine egunaren helburua edo ideia, bakoitzak bere proiektua aurkeztu eta ezagutaraztea da, ekitaldi solidario baten baitan.Aurten, Anttine 2.0 sortu dugu ideia berdinarekin; ekitaldi solidario bat egitea, herriko trikitilariek, bertsolariek, eta gazteek parte hartuko dutenak. Gure asmoa urtero elkarte bat ekartzea da laguntza emateko.
Zein egitasmo murgilduta daude ekimen horretan?
Egoitz Aranburu: 2 urte igaro dira tartean pandemia bat izanik, eta gauzak aldatu egin dira. Hasieratik jarraitzen dugunak, Mattin Gizarte Abentura eta Patxine Taberna gara, beste batzuk atera egin dira eta Aritzen kasuan bezala, berri bat sartu, Abox proiektua dena. Oraingoz, gu hiruok gaude eta aurrera jarraitzeko asmoa dugu. Beste proiekturen batek sartu nahiko balu irekiak gaude, ongi etorria izango da.
Aritz Segurola: Gazte ekintzailea izanez gero, ez dugu inongo arazorik ikusten, hala ere, gure pentsamoldearekin bat etorri beharko luke, beraz, dirua irabazteko asmoa badu, hemen ez du lekurik izango.
Labur-labur, zein dira zuen proiektuak?
A.S.: Abox proiektua da nirea. Orain arte, Entrenatzaile pertsonal moduan egin dut lan Donostian, eta ekitaldi honen bitartez, Asteasun eta bailaran entrenatzaile pertsonal bezala nire burua ezagutzera eraman nahi dut. Anttine egunean, egitarauaren barruan Krossfit eta Herri kirolen saioa egingo dut.
E.A.: Patxine Taberna da nirea. Herriari bizitasuna sortzeko eta herri giroa sortzea da nire helburua. Gainera, ekitaldi guztiak plazan egiten dira, eta PatxineTabernaren ideia, Kale Nagusiari garrantzia ematea da.
B.G.: Mattin Gizarte Abentura da nirea. Haurren heziketa ludiko-praktikoa egiten dugu aisialdian. Egitarauaren barruan, familiarteko Gin Kana egingo dugu, familia arteko kideak, familia arteko jolasak sustatzeko Gin Kana izango da, kide guztiek parte hartu dezaten eta familia arteko giroa sortzeko. Herri guztia zeharkatuko dute eta Asteasuko beste familia batzuekin ere harremana izango dute.
Anttine egunaren ostean, proiektuek zabalkundea izan dutela ikusi duzue?
A.S.: Ahoz-ahokoak asko laguntzen du eta nik nire proiektuarekin nabaritu dut. Anttine Eguna iritsi aurretik, ekitaldi gehiago egin ditugu eta niregana etorri dira proiektuaren inguruan galderak egitera eta informazio eske.
E.A.: Nik tabernan ere nabaritu dut. Euskal Herrian ohitura dugu kuadrillan ibiltzeko, eta honen bitartez, gazteak eta helduak elkarrekin ibiltzeko eta elkartzeko laguntza izan da.
Helburu solidarioa aipatu duzue... Nori bideratuta izango da aurten lortutako laguntza?
E.A.: Iaz, Kikarakada proiektuko lagunak etorri ziren Lesboseko errefusatuentzat laguntza jasotzeko. Aurten, Jatorkin Al-Nahda elkartearentzat izango da laguntza; Tolosaldeko etorkin magrebiarrak integratzeko elkartea da, eta kale egoeran dauden pertsona migratzaileekin esku hartze soziala egiten dute.
B.G.: Postu solidarioa egongo da egunean bertan, eta honako produktuak jasoko dira elkartearentzat: toailak, maindireak, almoada zorroak, sukaldeko trapuak, zabor poltsak, xanpua edo gorputzeko gela, fairy, ohialak, gabigailuarentzat xaboia, hortzetako pasta, hortzetako zepiluak, ile-orraziak, fregona, fregonaren ontzia, eta eskuilak.
A.S.: Txosna solidarioa ere egongo da eta bertan lortutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da. Herritik sortutakoa herriarentzat izango litzateke gure lema. Ez dugu dirurik irabazi nahi, jendea solidarioa izatea nahi dugu eta batez ere herriarentzat sortutako festa izatea.
Asteasu herri parte hartzailea dela esango zenuekete?
A.S.: Horretan ari gara, hori da gure helburua. Boluntario lanetan 40 lagunetik gora izango garela iruditzen zait, beraz, herri parte hartzailea dela esango nuke.
B.G.: Jende askok hartzen du parte, izugarria izaten da. Aniztasuna ikusten da egunean bertan, adin tarte guztietako jendea.
E.A.: Bailarako jendea espero dugu, Asteasu kanpoko jende asko etorri zen lehenengo urtean eta berriro ere hala izatea espero dugu.