Baserrian bizi eta lan egiten duen koadrilak ere gero eta urrunago ikusten du bizimodu duina. Dena ikaragarri garestitu da, eta saltzen duten produktuaren salneurria bere horretan mantendu. Administrazioan eskatzeaz nekatuta daude, eta irtenbidea banaketa enpresa handien eskutik etorriko dela diote, ekoizpenagatik prezio duina ordainduz.
Nor zarete Bulano baserrian, zein martxa duzue?
Mikel Arteaga: Orain 22 urte elkartu ginen neu eta Antonio lehengusua. Berrikuntzak egin genituen, behiak etxetik atera eta ukuilua egin. Biok gara bazkide, eta emazteak langileak gurekin batera. Aguantatzen ari gara, muga-mugan aspaldi, baina aguantatu egin behar. Borrokan etengabe, ENBA sindikatuaren bitartez, esne- ekoizpenagatik gehiago kobratzen saiatzeko. Azken urtean erreguka eta protestaka gabiltza kalean. Azken bi hilabeteetan egoera asko gaiztotu da, salneurriak bikoiztu edo hirukoiztu egin baitira. Guk saltzen duguna, aldiz, apenas igo da. Esne litroa eta haragi kiloa bizpahiru zentimo bakarrik igotzen bada, ez dago irtenbiderik. Egoera zaila da, baina argi pixka bat azalduko den itxaropenarekin gaude beti. Bizpahiru hilabete eutsiko diogu, oraingo martxan, eta gero gerokoak. Lankide askok utzi egingo dute, dirurik ez galtzeko, baina gu eustekotan gara.
Iraun diozue, baina noiz arte?
Antonio Arteaga: Gastuak gora doaz, eta irabaziak behera. Zenbat galtzen duzun, edo zenbat irabazteari uzten diozun, hortxe gakoa. Egoerak ezberdinak dira baserri honetan edo beste batean: egindako inbertsioak, zorpetutako diru-kopurua, ustiapenaren tamaina…
Bizitzen ari zareten egoera latza ez da berria, aspaldikoa baizik.
M. A.: Boladak dira, zikloak. 2015ean, orain baino gehiago kobratzen genuen esne litroagatik. Ordutik estutu eta estutu egin dute etengabe. Gastuak ikaragarri hazi dira, eta gerra-ekonomian bizi garela esan genezake, iraun ezinik. Hilabete pare bat eutsiko diogu. Iraun egin nahi duzu, baina zaila da.
Nola igo, baina, diru sarrerak?
M. A.: Hori enpresek erantzun behar dute. Bestela zer egin behar dugu, administrazioari eskatu, beti bezala? Nekatuta gaude haiei dirua eskatzeaz. Enpresek diote ezin dela gehiago ordaindu, eta hori esaten digutenean, gure erantzuna hauxe da: ‘Bada, orduan, ezin dugu negozioa martxan mantendu’.
Kaleko jendeak zuen aldarrikapenak ontzat ematen dituztela sumatzen al duzue? Ulertzen al dituzte?
M. A.: Gero eta urrunago gaude baserritarrok eta kaleko jendea. Kaleko jendearekin erraz elkar ulertzen naiz, eta borroka ez da kaleko jendea eta gure artean, baserritarron eta erosle handien artekoa baizik. Lau edo bost enpresa handi dira, elkarrekin borrokan dabiltzanak salneurri onena nork lortu. Haien iragarkiak ikusi eta eslogan guztiak berberak dira. Produktuak gero eta merkeago. Eta hori ezin da beti egin. Iritsi da momentu bat non low cost edo elikadura merkea ezinezkoa den.
Bota azken mezu bat, jendarteari zuzendua. Zer esango zenukete?
M. A.: Edozeinek uler dezake ekoizten dudanak zazpi balio badu, gutxienez zazpi jaso behar dugula bueltan, gutxienez. Gure bizimodu duina bermatu ezin bada, baserriko esnea desagertu egingo da. Erregaiaren igoerarekin kolpe handia hartzen ari da herritar xumea, baina autoari erregaia bota beste erremediorik ez zaio geratzen. Behiekin antzera gertatzen da. Edo jaten ematen diezu, edo ez dute esnerik ematen. Baserriko jabeok berdin. Edo kostuak osatzen ditu, edo ez du ekoizten. Eta ez da mehatxu bat. Ulermena eskatzen dugu, ardura. Bestela hemengo esne ekoizpena desagertu egingo da. Esperantza daukagu gizartearengan eta gugan, baina oso egoera txarrean gaude.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.