Zarauztarra sortzez, martxoaren 9an hasi zen teknikari lanetan. Lehendik ere ibili da Asteasuko ekimenetan parte hartzen.
Hasi berria zara Asteasuko Udaletxean lanean. Zein funtzio betetzen dituzu?
Erakunde txikia denez, funtzio desberdin asko daude Udalaren baitan eta udal erakundeko hiru sailetako teknikaria naiz; kultura eta kulturaren baitan liburutegiko zerbitzua, berdintasun saila eta parte hartzea. Herri txikia izanik guztia bateratsu doa.
Teknikari lanera zer moduz egokitu zara?
Asteasura iritsi berria naiz eta nire burua kokatzen nabil. Martxan dagoen guztia aurrera jarraitzea da niretzako lehenengo urratsa. Teknikari batek gestio asko egiten ditu eta nire funtzioetako bat hori da, gauzek euren martxa jarraitzea. Udalekuak martxan jarri dira, diru laguntzak eskatu, festak kudeatu... egokitze prozesuan nago. Bestetik, herria ezagutzen ari naiz, herrian dagoen dinamika eta herriaren funtzionamendua. Zarauztarra naiz ni, Asteasu lehenagotik ezagutzen dut bere garaian Soka egitasmoa kudeatzen aritu naizelako.
Gaur egun kulturaren edo kultur ekintzen behar nagusiak zein direla esango zenuke?
Beharrik nagusiena komunitate bezala sentitzea da: sentitzea, ezagutzea, elkartzeko gunea izatea eta balioak transmititzea; euskara, berdintasuna, ingurumenaren zaintza, tradizioa... Alabaina, funtsa eta nagusiena komunitatean elkartzeko beharra da zerk egiten gaitu "gu" galderari erantzutea.
Herri parte hartzailea dela nabaritu duzu orduan?
Ezagutzen dudanagatik, herri oso dinamikoa da Asteasu eta esan beharra dago pandemia betean ezagutzen hasi nintzela. Herri oso bizia iruditzen zait, dinamismoa eta gogoa dago bertan ekintzak egiteko. Instituziotik ere hainbat politika bultzatzen dira herritartasun hori bultzatzeko, sakontzeko, eta, festak eta aisiaz gain, gazteei aukerak emateko, haurtzarotik herriko bizitzan euren parte hartzea izan dezaten.
Asteasuko gazteen aldetik zer moduzko erantzuna antzeman duzu?
Sokaren aurkezpena ikusi genuen duela hilabete, baina Soka bi urteko lana izan da eta aurrera begira egitasmo egonkor bezala ikusten dugu. Soka proiektua, gauzak egiteko modu bat da azken finean, parte hartuz eta herrian heziz. Gazteek primeran erantzuten dute; oraintxe Aste Santuko ekintzak izan dira eta gazte askok hartu dute parte. Azpimarratu nahiko nuke kopurua ez dela gauza interesgarri bakarra, baina, gazteak gogotsu daudela berresten digu. Orain, Udalekuak antolatzen ari dira, programa eta ardurak lantzen...
Hutsune handiena gazteekin nabaritzen zen Asteasun. Eskola amaitu ondoren ez zegoen ia eskaintzarik 12 urtetik gorako gazteentzat, hortaz, zerbait egonkorra eskaini behar zela ondorioztatu zen. Amasa-Villabonara edo inguruko herrietara joaten bazara, herritik kanpoko harremanak sortzea eta herriarekiko lotura galtzea oso erraza izaten da, horregatik eman genion garrantzia adin tarte horri. Hori lantzeko, bi hezitzaile ditugu astero, gazteekin. Eta Gaztelekuko zerbitzua ere indartu dugu, gazteria izugarrizko gorputza hartzen ari da. Hain justu, modu kolektibo batean antolatzeko eta sortzeko aukera izan dugunok, ondoren, dinamismoa eta sortzeko gaitasuna izaten dugu, eta elkartzeko borondatea hori bizitza osorako geratzen da eta hori asteasuarrei neurri batean lagunduko die.
Hobeto ezagutu nahi zaitugu Axier, kontaiguzu, zein da zure ibilbidea?
Profesionalki euskararen mundutik nator, AEKn urte asko aritu naiz irakasle lanetan. Gerora, euskararen sustapenean jardun dut leku eta maila desberdinetan. Elhuyarren ere aritu naiz euskara planak sustatzen eta hortik parte hartzeko eremura zabaldu nuen jarduera. Bizitza osoan zehar taldeak eta taldeko prozesuak gidatzen ibili naiz.
Azken hamabi urtetan Harremanitz kooperatiban aritu naiz sexu hezkuntza, berdintasuna eta tratu onak sustatzen, eta hortik iritsi naiz Asteasura. Duela hiru urte, gazte talde batekin hasi ginen berdintasuna eta indarkeria matxistari aurre egiteko prozesua martxan jartzen, Erraztuz taldea izan zen, 2019ko Sanpedroetan egin genuen protokoloa. Urtebeteko prozesu aberasgarria izan zen eta jarraian, herri hezitzailearen proiektua etorri zen honela, Asteasuko udalera iritsiz. Niretzat erronka eta pausu handia da.
Beste proiekturik baduzue martxan?
Parte hartzetik diru laguntza eskatu da etorkinekin programa bat egiteko. Haien errealitateari ahotsa jartzeko proiektua izango da, batez ere, Asteasun nola bizi diren erakusteko, euren beharrak ikusarazteko, hemengo herritarrekin nola harremantzen diren lantzeko, eta zerk laguntzen dien bertakoak sentitzen eta zerk ez aztertzeko. 2022ko udazkenean garatuko den prozesua izango da eta gogotsu gaude.
Amaitzeko, zerbait gehitu nahiko zenuke?
Asteasuko Udalaren aldetik sentitzen dudan babesa eta konfiantza izugarria da eta teknikari bezala jarduteko ezinbestekoa da hori. Asteasu oso herri aktiboa da eta udal teknikari lanean jarduteko aldeko elementua da. Nere buruari denbora eman nahi diot, prozesu batek sendotasuna eta oinarria urtebetera edo bi urtera hartzen baitu.
Ez dut elkarrizketa amaitu nahi Maite Iraolari eskerrak eman gabe. Nire aurretik urte luzez lanean aritu den teknikaria da bera, izugarrizko lana egin du eta nire fase berri honetan ondoan daukat laguntzen uneoro, beraz, eskerrak eman nahi nizkioke berari.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.