"Bizipen berrien bila abiatuko gara"

Irune Alfonso 2022ko uzt. 28a, 09:20
Hirukotea elkarrizketara bizikletaz etortzera animatu zen euren proiektua ilusio handiarekin erakusteko asmotan.

Beñat Garcia, Josu Arrikarte eta Eneko Larrañaga Irrikleta egitasmoko partaideak dira. Herriko hiru gazteak Asteasutik abiatuko dira Ipar Euskal Herrira, irria zabaltzeko asmoz. Abentura eta bizipen bila doaz bi gurpilen gainean.

Asteasuko hirukoteak Irrineta proiektuan parte hartu zuen iazko udan. Hainbat herritan abenturak bizi, euskal jendartean irria ateraraziz. Iaz, astebetean, Euskal Herrian zehar Irrineta furgonetan bidaiatzen aritu ziren. Egunero goiz esnatu eta herri desberdinetara joan bertan jolas, ekintza eta abentura desberdinak proposatuz. Aurten furgoneta alde batera utzi dute eta bizikleta gainean ibiliko dira.

Irria zabaldu nahi duzue, norbaiti begira zehazki?

Eneko Larrañaga: Askotariko familiak hurbiltzen dira gugana; adin nagusiko hiru emakume mesfidati hartu gintuzten hasieran, baina, ondoren ederto konpondu ginen. Ez dago adin-tarte zehaztik, etxeko txikienetik nagusietaraino hurbiltzen dira.

Irrikleta egitasmoarekin zein ibilbide egingo duzue?

Josu Arrikarte: Asteasutik Iparraldera joango gara eta lehenengo egunean asteasuarren agurra espero dugu. Lehenengo etapa Donibane Lohitzunera izango da, bigarrena, Baionara, hirugarrena Elizondora, Elizondotik Lekunberrira jaitsi eta azken etapa Lekunberritik Zegamara bitartekoa litzateke. Ibilbide guztian zehar gurditxo batzurekin joango gara, eta tarteka furgonetaren laguntza izango dugu. Edonor animatu nahi dugu gurekin batzera, ibilbide guztian zehar.

Proiektua aurrera ateratzeko laguntza eskatu duzue.

Beñat Garcia: Herriko merkatariei, gertuko enpresa txiki eta ezagunei laguntza eskatu diegu. Borondatea eskatuko dugu, eta iaz bezala, crowdfundingaren bitartez dirua eta bestelako baliabideak bildu nahi ditugu. Gure Youtubeko kanalaren bitartez egiten ari gara hori.

Zer da gehien baloratzen duzuena?

E.l: Beldurrak aurrera eramaten ikasi dugu, ezagutzen ez duzun herri batean mesfidantzaz tratatzeko erraztasuna dago, edo batzuetan, ez zaituzte onartzen. Egoera hori aurrera eramaten jakin dugu eta herri guztietan bezala, pertsona jatorrak edo ez hain jatorrak ezagutu.

B.G.: Bidea oso aberasgarria izan zen, hiruok asebeteta sentitu ginen aurretik jarritako helburuak bete genituelako. Aurten ere asmo hori dugu.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!