Etenaldi luzearen ondoren, bueltan da Asteasuko Azoka berezia

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Gil 2022ko ira. 19a, 07:16

Iturriondo atzeko belazean berriz, 200 animalia inguru izango dira ikusgai

Iraileko azken igandeak ohiko mugimendua izango du aurten Asteasun. Esne-behiak, larrekoak, abereak, astoak, ahuntzak, ardiak..., 200 abere elkartzea espero dute antolatzaileek. 10:00etan zabalduko ditu ateak Azoka bereziak eta jai giroak ez du etenik izango iluntzera arte

Herriko plazan eta pilotalekuan banatuta, 40-50 postu inguru jarriko dituzte ikusgai. Betiko itxura ederra hartuko du aurtengoan ere azokak. Artisauen produktuak eta era guztietako jakiak erosteko aukera izango da bertan, goizez zein arratsaldez. Herriko baserritarren produktuak ere ez dira faltako, noski.

Iturriondo atzeko belazean berriz, 200 animalia inguru izango dira ikusgai. Esne-behiak, larrekoak, abereak, astoak, ahuntzak, ardiak..., denetarik izango da ikusgai. Ikusmira ederra izaten da goizean zehar, Asteasuko baserrietako animaliek eskaintzen dutena.

Egun osokoa

Goizeko 10:00etan zabalduko dute azoka eta 11:00etatik aurrera martxan jarriko dituzte talo goxoak zein txekor errea dastatzeko postuak. Azokan barrena ibili ondoren, indarrak hartzeko primerakoak izango dira bi postu horiek.

Eguerdiko 12:00etan berriz, arroz-esne txapelketako sari-banaketa egingo dute pilotalekuan. Eta azken urteetan ohikoa izan den bezala, herriko baserritarrek ekoitzitako kalabazak ere ikusgai izango dira pilotalekuko harmailetan.

Oso azoka jendetsua izan ohi da Asteasukoa eta, etenaldi luzearen ondoren, pentsatzekoa da aurtengoa ere hala izango dela. Industrigunean antolatuko dituzte aparkalekuak eta bolondresak lanean arituko dira aparkaleku horiek antolatzen. Bestalde, egun horretan ohikoa denez, jende askok egingo du Zizurkil eta Asteasu arteko bidegorrian barrena oinez gerturatzeko hautua eta beste asko izango dira Zelatungo erromerira joan ondoren Asteasun geldialdia egingo dutenak ere. Giro bikaina izaten da Azoka berezian eta aurten berriz ere gozatzeko aukera izango dugu.

Azoka eguna borobiltzeko aukera bikaina izango da aurten Asteasun, izan ere, erromeria egingo baita arratsaldean. 18:00etan hasita, dantzarako giroa piztuko dute trikitilariek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!