Siemens Gamesako plantan langileen etorkizuna bermatzen duen akordioa lortu dute

Mikel Arberas 2022ko urr. 3a, 17:59
Argazkia: LAB sindikatua

LAB sindikatuak gehiengoa duen Asteasuko Siemens Gamesako plantan langileen etorkizuna bermatzea lortu dute zuzendaritzarekin akordioa lortuta, azken egunetako ezjakintasunaren ostean.

Egun hauetan, zer esan handia eman du enpresa internazionalak kaleratzeen gainean egindako adierazpenek; izan ere, 2.900 langiletik gora botako zituela jakinarazi zuen, errentagarritasuna medio, horietatik, 400dik gora Espainian. 

Sindikatuak argi utzi du kaleratzeen gaineko informazioa hedabideetatik eta langileengandik soilik jaso dutela: "Azken egunetan Siemens Gamesan emango diren kaleratzeen inguruan publiko egin diren berrien aurrean, LABek ez du inongo jakinarazpen ofizialik jaso, informazio bakarra komunikabideetatik eta langileek barne posta bidez jaso duten mezu batetik iritsi zaigu. Mezu horretan enpresa bideragarria izateko 2.900 kaleratzeen beharra aipatzen da mundu mailan, horietatik 475 espainiar estatuan, baina ez dute zehaztasunik eman kaleratzeak non eta noiz emango diren".

Esanak esan, lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu dute baikorki: "Enpresako hitzarmena berritzeaz gain, lan karga, lanpostu eta lan baldintzen bermea adostu dugu. Aipatu nahi dugu akordio honen garrantzia, zalantzaz beteriko etorkizun batean bertako langileen etorkizuna bermatzen duelako. Honetaz gain instituzioei exijitzen diegu enpresa saltzeko aukeren aurrean beraien konpromezua bertako erosle bat bilatzeko, Euskal Herrian estrategiko izango den sektore baten alde egingo duena".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!