Miñan liburuaren aurkezpena Asteasun

Aiurri 2022ko urr. 21a, 07:20
Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. ©Eibar.org

Amets Arzallusek liburuaren aurkezpena egingo du Asteasun, azaroaren 4an. Udalak antolatutako saioa udaletxean bertan izango da, 19:00tan hasita. Entzulegoaren arabera, solasaldia euskara hutsean edo elebitan izango da.

Miñan
Amets Arzallus Antia, 2019
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.

Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala.

Liburuak arrakasta handia izan du, Aita Santuak berak liburua irakurtzea gomendatu du. Euskaraz eta erdaraz argitaratuta dago, eta bi bertsioak Udal Liburutegian eskuragarri daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!