"Amets bat bete" diskoa bidean da

Ainhoa Gil 2022ko abe. 28a, 07:00

Tapia, Nafarroako musika-estudioan, Peio Gorrotxategi soinu-hartzailearekin.

2020ko konfinamenduan sortutako ideia gorpuzten aritu dira azken hilabetetan Juan Tapia eta bere ikasleak. Laster izango dute eskuartean guztien artean osatutako diskoa. “Amets bat bete” jarri diote izenburua diskoari eta laster izango da entzuteko aukera.

Urte asko darama Juan Tapiak musika irakasle lanetan. Asteasun ez ezik, beste hainbat herritan ere aritzen da eskolak ematen. “Beasaingo eskolak 25 urte egin zituenean, hainbat ekitaldi antolatu zen ospakizun gisa eta tartean, disko bat grabatu genuen bertako irakasleok. Usurbilgo musika eskolaren urteurrenean ere grabaketa egin genuen, taldeka. Asteasun ere antzeko zerbait egiteko gogoa banuen, baina ez nuen aurrerapausoa ematen”.

Konfinamendu garaian, etxean pasa beharreko ordu haietan, pieza ezberdinak ateratzen hasi zen Juan: “Momentu hartan hasi nintzen zerbait egiteko aukera bazegoela sinesten. Ikasleekin hitz egiten hasi nintzen nire ideiaren berri emateko. Erronka handia zela esaten zuten guztiek, baina aurrera egiteko gogoz zeuden eta prestatzen hasi ginen”.

Parte-hartze zabala

Eskolako kide guztiei grabaketan parte hartzeko aukera ematea zen Juanen desioa, eta horretan saiatu zen buru-belarri: “Horrek erronka suposatu du, izan ere, maila guztietarako egokiak diren abestiak prestatu behar baitira. Pieza bat ikasle bati aurkezterako, oso kontuan hartu behar duzu bere maila eta hori oso kontuz neurtzen saiatu naiz” Esperientzia hori ikasle guzti-guztiei eskaini nahi izan zien Juanek, eta kanpoan dabiltzan ikasle gutxi batzuk izan ezik, guztiek izan dute grabaketan parte hartzeko aukera.

Udalari aurkeztu zion Juanek bere asmoen berri, eta berehalakoan jaso zuen babesa. Eskertuta ageri da Juan: “Gure eskola babesten du Udalak eta guk ere herriari utzi nahi genion gure aletxoa. Nire asmoen berri ematera gerturatu nintzenean, primeran hartu ninduten eta berehala eskaini zidaten laguntza. Grabaketa diruz laguntzeaz gain, udaletxeko areto bat ere utzi zidaten grabaketa lanetarako. Ikaragarri eskertuta nago udalaren jarrerarekin. Laguntza hori gabe, ezin izango genuke diskorik aurrera atera”.

Disko bat prestatzea ez da nolanahiko lana eta pandemiak ez zuen bide hori erraztu. “Batetik, entseguetarako hitzorduak lotzea ez da lan erraza izaten. Gaurko ume eta gazteek ekintza ezberdin askotan parte hartzen dute, eta ordutegiak bateratzea oso gauza konplikatua izaten da. Bestetik, pandemiak berak ere zailtasuna pilatu zion. Ikasleren bat edo neroni ere etxeratuta egon beharra, elkartu ezina... maiz gertatu zitzaizkigun horrelakoak. Beste alde batetik, diskoko zenbait pieza abestutakoak dira eta musukoarekin aritu beharra ez da gauza gozoa. Ahotsa ezin da modu berean proiektatu eta ez zen erraza entseguak lasai egitea”.

Aberasgarria

Ikasleentzat grabaketa estudio bat ezagutzea ere aukera ederra izan da ikasleentzat. “Mundu berria da guztiontzat, eta oso polita izan da. Ikasle guztiei eman nahi nien aukera hori, baina txikiekin beste erabaki bat hartu genuen. Udalari gela bat eskatu genion eta, grabaketarako oso egokia zela ikusi ondoren, igande batez elkartu ginen bertan. Egun oso-osoa behar izan genuen grabatzeko, goizean hasi eta gaua iritsi arte. Umeek jarrera ezin-hobea izan zuten eta, euren familien jokabidea ere aipatzekoa da. Denek babestu dute ekimen hau; entsegu, grabaketa... familia guztiek moldatu dituzte euren planak grabaketa egin ahal izateko eta hori eskertzekoa da”.

14 pieza, 45 musikari

14 piezaz osatutako diskoa izango da “Amets bat bete”. Zazpi urtetik hasi eta adin guztietako asteasuarrek parte hartu dute, 45 musikari inguru guztira. Egin duten lan guztiaren lekuko izango da diskoa, bai gaur eta baita etorkizunean ere.

 

Artikulua luze eta zabal irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!