Mendiko bizikleten lasterketa, igande honetan

Ainhoa Gil 2023ko urt. 13a, 07:00
Elizmendiko belazeetan barrena egingo da MTB lasterketa, igandean. ©Txisuntza

Euskal Herrian sumatutako hutsune bati erantzunez, mendiko bizikleten lasterketa antolatu dute Asteasun urtarrilaren 15erako. Eskolarteko mailan zein maila herrikoian lehiatuko dira, goizean.

Urtarrilaren 15ean, txirrindulari gaztez beteko da Elizmendi ingurua. Elizaren inguruan izango da irteera eta helmuga puntua, eta mailaren arabera, ibilbide ezberdinak egin beharko dituzte txirrindulariek. Rotetak azaldu duenez, “gazteenek ibilbide lauagoa eta errazagoa izango dute eta, adinean aurrera, ibilbide aldapatsuagoa eta teknikoa izango dute, baita luzexeagoa ere, noski”.

Herritarrak ere bai

Txirrindulari federatuez gain, herriko gaztetxo zaletuei ere zabaldu diete parte hartzeko aukera: “Ia haur guztiek izaten dute mendiko bizikleta eta aukera polita dute hau. Pista batean barrena ibiliko dira, eta belaze bat ere zeharkatuko dute. Lasterketaren aurretik, 08:30etatik 09:15ak arte zabalduko dugu izena emateko aukera, eskolan bertan. Txirrindularitza eskoletatik datozenek aldiz, egina izango dute aurre-inskripzioa eta horixe aurkeztu beharko dute ordutegi horren barruan”.

2009 eta 2014 urte arteko gazteak lehiatuko dira lasterketan. Infantil mailakoak kilometro bateko zirkuituan arituko dira eta hiru itzuli emango dizkiote ibilbide horri. Alebin mailakoek 600 metroko ibilbidea izango dute eta hiru itzuli emango dizkiote. Benjamin mailako txikienak 400 metro inguruko ibilbidean barrena ibiliko dira, bi itzuli osatu arte. “Herriko haurrek ibilbide hori bera egin beharko dute”, gaineratu du Enaitz Rotetak.

Danena Txirrindularitza Taldea da probaren antolatzaile nagusia, baina Asteasuko Udala eta Aiztondo elkartearen laguntza izan dute. “Materialarekin eta jendearekin laguntzen digute. Izan ere, egunean bertan jende asko behar da lanerako. Aparkalekuak antolatzeko, izen-emateak egiteko, bizikletak garbitzeko beharrezko azpiegiturak jartzeko, bidegurutzeak zaintzeko, txosnan egoteko edota bezperan zirkuituak markatzeko, bolondres asko behar da”, azpimarratu du Rotetak. 

09:30ean hasiko dira lasterketak. Herritarrek emango diote hasiera lehia eta ondoren, maila ezberdinetako txirrindulariak arituko dira. 12:30ak aldera arte luzatuko da ikuskizuna Asteasuko Elizmendin; txirrindularitza-zaleentzat, aukera bikaina.

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!