Hirugarren agintaldia amaitzera zoaz. Nola bizi izan duzu ondoren etorri den bide hau?
Hasiera nahiko gogorra izan zen; krisi garaian sartu ginen Udalera eta ekonomikoki zailtasun handiak izan genituen. Aurrezteko garaia egokitu zitzaigun, baina pixkanaka aurrera egin genuen. Udalak zuen zorrari aurre egitea lortu dugu eta 2025ean jada mailegu guztiak ordainduta geratuko dira. Mila gai landu dugu bidean, baina honek pisua izan du guregan.
Ibilbidea oso aberatsa izan da, asko ikasi dut eta jende interesgarri ugari ezagutu; talde ona izan dut ondoan eta hori oso garrantzitsua da. Behin eta berriz errepikatuko dut, alkate bat ez dela inor ez badu talderik. Egindako guztia talde-lana da. Talde hori zaintzen eta elikatzen saiatu naiz, eragina baitu egunerokoan. Hamabi urteotan astero-astero bildu gara, inork hutsik egin gabe, eta horrek asko esan nahi du. Eskerra eta miresmena besterik ez dut taldekoentzat.
Herriko plazaren eraberritzea, Lamiategiko etxebizitzen eraikuntza…, herria eraldatu da hamabi urte hauetan. Hirigintzari dagokionez, zer azpimarratuko zenuke?
Udalean sartu ginenetik herriko plaza eraberritzea zen helburuetako bat; diru-kontuak medio, ez genuen lortu lehenengo legegintzan, baina bai bigarrenean. Oso garrantzitsua izan da, eta esango nuke herritarrak ere gustura daudela; elkartzeko puntu garrantzitsua bihurtu da eta herritarrentzat toki segurua izatea lortu dugu.
Bestalde, arreta jarri diogu gazteen etorkizunari. Herri bizia nahi badugu, gazteek bertan geratzeko aukera izan behar dute. Horren harira, bi proiektu bultzatu ditugu Lamiategi eremuan. Etxebizitzarik ez duten gazteei eman zaie lehen aukera. Aurreneko promozioa ez zen erraza izan, krisi garaia tarteko, baina aurrera atera zen eta bigarrenerako eredu bihurtu zen. Oraingoan 31 etxebizitza eskaini dira eta 62 pertsonek eman dute izena. Interesa piztu du, eta ildo honetatik joan behar dela uste dut. Gazteek ito gabe ordaindu dezaketen etxebizitza behar dute. Haiek herrian geratzen badira, haurtzaindegia, eskola eta beste hainbat zerbitzu mantenduko dira; bestela herria zahartzen joango litzateke. Etorkizunera begira, Igarronea baserria erosi du Udalak, antzeko proiektu bat garatzeko lurra izan dezan.
Eskolan ere jarri dugu begirada. Eraikin publikoen energia auditoritzak egin ditugu eta ikusi da eskolako zati zaharrenak berritzeko beharra zuela, kontsumoak murrizteko. Hor egin dugu 2022ko inbertsiorik handiena, kanpo paretak estaliz eta leiho eta teilatu berriak jarriz.
Bestalde, aurten herrian plaka fotovoltaikoak jarriko dira, aurki osatuko den Energia Komunitatearen bidez kudeatzeko. Honi lotuta, frontoi ondoko aparkalekuan karga elektrikorako puntua jada jarriko da. Horiez gain, hirigintza arloan baditugu ideia gehiago garatzeko.
Udal baten lana hirigintzaz haratago doa. Zer nabarmenduko zenuke?
Kulturan, gaztediaren arloa azpimarratuko nuke. Haur eta gazteen parte-hartzea zabaltzeko ahalegin handia egin dugu. Soka izeneko proiektua dugu martxan 2020z geroztik. Talde eragile indartsuak egin du lan; eskola, guraso elkartea, Gaztelekuko hezitzaileak, Harituz taldea, kultura teknikaria eta udaleko politikariek osatuta. Aurretik Asteasuko Udala Oin-Herri izeneko herri hezitzaileen sarean sartu zen eta han sustatzen diren baloreak bultzatzen dira Soka proiektutik.
Herriarekiko atxikimendua lantzen hasi gara, beraien aisialdia antolatzeko garaian hitza izan dezaten, eta beharrak udalera luza ditzaten. Oso prozesu aberasgarria izaten ari da, eta bide luzea du. Herriko parkeak eraberritu ditugu, adibidez, eta haur eta gazteei hitza eman zaie honetan.
Berdintasun arloa ere landu dugu Berdinbidean programaren barne. Indarkeria matxistari aurre egiteko, tailerrak martxan jarri genituen orain hiru urte eta emaitza onak izaten ari dira. Hasieran 18-26 urteko gazteek hartu zuten parte eta gaur egun gazteagoekin ari gara. Ondorioz, Udalak ere Indarkeria Matxistaren aurrean erakundeen arteko koordinazioa lantzeko Protokoloa idatzi du, jada aurkeztu dena.
Bestalde, Xiri Miri kultur taldearekin batera, etorkinen gaia lantzen ari gara. 20tik gora herrialde ezberdinetako herritarrak ditugu Asteasun eta horrek noski eragina du guregan, ohituretan, euskararen erabileran… Horri ere arreta jarri behar zaio eta proiektu honen barne ekintza plan bat osatu da, denok elkarrekin garatzeko asmoz. Euskararen arloa lantzeko, orain sartu berriak garen UEMA elkarteak lagunduko digu.
Zer nabarmenduko zenuke zure alkatetzatik?
Lan hau prozesu bat da eta pixkanaka gauzak egiten joan behar da. Beti pertsonetan pentsatu izan ohi dut, eta ez gauza eta obra erraldoietan. Herritarrek Udala gertuago sentitzea da nire nahietako bat, eta horretarako parte-hartzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Jendea horretara ohitzea ez da erraza.
Herritarren beharretatik gertu egotea nahi izan dut; izan ere administrazioak geroz eta burokrazia handiagoa du eta hori ez dut gustuko. Ondo dago gauzek bere formalidadea izatea, baina administrazioa humanoagoaren aldekoa naiz eta kosta egiten zait zenbait bete-behar burokratiko jendeari eskatu beharra.
Asko saiatu naiz Asteasuk presentzia izan dezan hainbat toki eta erakundetan; bilera askotan parte hartzen dut, eta horrek beti laguntzen du inguruan lantzen denaren berri izaten, eta modu xumean bada ere, nire ekarpenak egiten.
Nolako Asteasu ikusi nahi zenuke etorkizunean?
Partaidetza zabala duen herria nahiko nuke; gure herria nahiko bizia da gazte asko dugulako eta horiengan jarri behar dugu arreta. Gazte inplikatuak nahiko nituzke herrian. Esperientziak erakutsi dit jendeari entzunez asko ikasten dela.
Herriaren etorkizuna marraztu behar dugu orain; pandemiagatik ezin izan dugu herriko Plan Orokorra martxan jarri eta behar-beharrezkoa izango da datorren legegintzan burutzea. Galdera asko egin beharko ditugu, eta herritarren lankidetza eta parte-hartzea nahi ditugu. Nola hazi behar du herriak, non? Etorkizuna elkarrekin diseinatu nahi dugu.
Bestalde, gure umeak zaindu behar ditugu, herrian bertan hainbat arlo garatu ditzaten. Horretarako badugu zerbitzu batzuen beharra; adibidez kultur etxea txikia geratu zaigu eta berri baten beharra sumatzen dugu, oraingo eraikuntzari beste erabilera bat emanez. Baditugu gauzak egiteko Asteasu erakargarri bat osatzeko.
Pili Legarra izango al da alkategai datozen hauteskundeetan?
Urteak pasa dira baina oraindik badut indarra eta gogoa, bidean eta pandemiagatik burutu gabe geratu zaizkigun proiektu batzuk martxan jartzeko eta horretarako berriro eta azken aldiz aurkeztuko naiz. Hori egin ezean zerbait amaitu gabe utzitako sentsazioarekin geratuko nintzateke eta aurrera egitea erabaki dut, beti ere, noski, herritarren bozken menpe.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.