III. Anttine Eguna umore ederrean ospatu zuten

Aiurri 2023ko mar. 26a, 07:57

Asteasuarrek umore bikainez ospatu zuten III. Anttine Eguna, atzo goizetik gauera antolatutako ekitaldi ugarirekin. Bazkari eta bazkari osteko bertso-saioan egindako argazki-sorta eta hiru bideo, ikusgai:

Goiz partean, familiarteko jolas olinpiada eta herri kirolen eta krosfitaren arteko desafioa egin zituzten. Ondoren, Xerapia astoa Ibargaiko bezalean jarri, eta apustuetarako tartea eduki zuten, ea nor asmatu hark kaka non egiten zuen. Indarrak hartzeko bazkaria egin ostean, ilunabar-gauean, Distopia elektrotxarangarekin eta DJ Reibaxekin festaz gozatzen segitzeko aukera eduki zuten Anttine zaleek.  

Asteasuko gazteen kirola egiteko sukarra

Bazkariaren ostean Amaia Agirrek eta Unai Mendizabalek ironia finki erabilita, Anttine zaleak barrez jarri zituzten sarri; Ion Flores izan zuten gai-jartzaile. Gaien artean, Iturriotz Hernioko kronoigoerarekin lotuta, Xaaxola-ri aurten gertatutakoa izan zuten hizpide bi bertsolariek, eta baita ere, Asteasuko gazteei edozein motatako kirola egiteko azken aldian piztu zaien aparteko arra. Bi bertso-aldi horiek, bideoz ikusi litezke, esan bezala.

Antolatzaileen eta laguntzaileen argazkia

Bertso-saioa amaituta, III. Anttine Eguna antolatzen eta laguntzen aritu diren gazteak argazkirako bildu ziren. Argazkian parte hartzera gonbidatu zuten Jose Ramon Aierza Udaleko zinegotzia; esker ona adierazi nahi izan zioten, Anttine Eguna ospatzeko udaletik jaso duten laguntzagatik. “Patxine Herriko Taberna” dioen kamixeta oparitu zioten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!