Xabier Irazu 23 urteko asteasurrak ibilbide luzea du jada kirolaren munduan, etxean betidanik eduki baitu oso presente kirola. Txirrindularitza eta lasterketen zale amorratua da, eta hori bera ofizio zein lanbide bilakatu du.
Zein ibilbide egin duzu gaur arte zauden lekura iristeko?
Kirolari eta kirolzale amorratua naizenez, hasieratik, nire ikasketak hortik bideratu nahi izan nituen; horiek horrela, kirola eta jarduera fisikoen zientziak ikastea erabaki nuen (IVEF). Horrez gain, etorkizunari begira aukera gehiago eduki ahal izateko, aipatutako ikasketez gain, lehen hezkuntzako ikasteari ekin nion. Betiere kontutan edukita, kirolari eta IVEF ikasketei emango niela lehentasuna. Bost urtetan bi karrera egin ditut, eta, egun, kirol ziklikoetan errendimendu altuko masterra egiten ari naiz.
Nondik dator "Alti errendimendua"?
Alti errendimendua nik sorturiko hitz jokoa da, errendimendu altuarekin eta nire ezizenarekin jolasean; umetatik txirrindularitzarekin eta lasterketekin eduki dudan zaletasunagatik eta datu askoren berri edukitzeagatik, herritarrek "Altimetrias" ezizenez deitzen hasi zidaten. Hortik dator Alti Errendimendua izena.
Zer da kirolariek Alti Errendimenduagandik bilatzen dutena?
Kirolariek errendimendua bilatzen dute; hau da, ez datoz osasunagatik, pisu galeragatik edo jarduera fisiko egiten hutsagatik. Altira hurbiltzen direnak, erresistentziako kiroletan lehiatzen direnak izan ohi dira, besteak beste, txirrindularitza, lasterkariak, mendi korrikalariak edota triatloian aritzen direnak, beste batzuen artean. Kirolari horiek, helburu zehatzekin etortzen dira niregana: denbora hobetzea, distantzia motzak amaitzea edota, besterik gabe, lehiaketa zehatzaren aurrean duten helburua betetzea.
Kirolariekin gertutasuna izatea garrantzitsua izango da.
Maila guztietan ezinbestekoa da kirolariarekiko gertutasuna, izan ere, hori da bilatzen dutena entrenatzaile batengatik. Horregatik, "TrainningPeaks" aplikazioarekin lana egiteaz gain, ezinbestekotzat dut egunerokotasunean eurekin kontaktua mantentzea.
Entzundakoak entzunda, kirola duzu bizibide eta afizio...
Halaxe da, bai. Alti Errendimenduan txirrindulariekin eta korrikalariekin lanean aritzeaz gain, Donostiako Pinter Tennis klubean nabil prestatzaile fisiko gisa, baita Billabona taldeko kadete, jubenil eta preferente mailetan ere. Beraz, kirolari estuki lotua nago.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.