Musika Bandak Martuteneko espetxean eta Asteasun joko du, asteburuan

Xabier Lasa 2023ko mai. 11a, 11:58

Mikel Emezabalek zuzentzen duen Musika Banda, aurtengo Santa Krutz jaietan

Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak hitzordu bikoitza dauka datorren asteburuan. Hain zuzen, lehena maiatzaren 13an, larunbatarekin, Martuteneko espetxeko frontoian, arratsaldeko 17:00etan. Bigarrena, berriz, Asteasuko Usarrabi frontoian, igandean 12:30ean hasita; besteak beste, Mirari Irurtzunek sormeneko “Asteasu” abestia interpretatuko du, herriko hainbat kulturgileekin batera.

Ez da lehenbiziko aldia Andoaingo Bandak Asteasun jotzen duela; kantutegi erakargarria eraman izan du hara beti, eta harrera beroa egin izan diote Asteasuko musika zaleek. Oraingoan, nabarmentzekoa da Mirari Irurtzunek konfinamendu garaian sortu zuen “Asteasu” abestia interpretatuko duela.  

“Asteasu” abestia sortu eta handik gutxira, bideo ikusgarria egin zuten. Bertan, herriko hainbat kulturgilek hartu zuen parte, eta 2021eko ekainaren 28an, herriko plazan bertan estreinatu zuten. Hona bideoa:

 

Ekimen kolektiboa

Irurtzunen asmoa izan zen hasieratik abestia ekimen kolektiboa eta parte-hartzailea izatea, eta horrela, herriko hainbat kulturgile agertzen dira bertan.   

Mirari Irurtzun berak, Haritz Mujika hitzen sortzaileak Andoni Ezkerra abeslariak azaldu zituzten kantuaren eta bideoaren nondik norakoak, estreinaldiaren atarian Aiurrirekin egin zuten solasaldian.

Irurtzunek egunotan adierazi duenez, “bideoa estreinatu zenez geroztik, beti egon da piztuta ilusioa, noizbait, hainbat musikarik zuzenean jo zezaten”.

Bizirik mantendu da azken bi urtetan Ilusio hori, eta igandean gauzatuko da, horrenbestez. Izan ere, egitasmo horri gogotsu heldu baitiote, elkarlanean, azken aldiko entseguetan, Andoaingo Udal Eskolako musikariek eta Asteasuko hainbat abeslari, musikari eta dantzarik.

Mirari Irurtzun biolin jolea da, eta Andoaingo Udal Musika Eskolako irakaslea. Andoaingo Bandak Asteasun 2021eko azaroan eman zuen kontzertuan, bera gonbidatu berezia izan zen, eta Czardas (Vittori Monti) abestian interpretatzaile nagusi gisa jardun zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!