Asteasuko baserritarren taldeak antolatu du San Isidro jaia. Aitor Usandizaga taldeko kideak azpimarratu duenez, “zerbait berezia egin nahi izan dugu aurtengoan, San Isidro eguna ospatzeko beti erabili izan ohi den eskematik urrunduz. Gizarteko belaunaldirik gazteenei baserriaren errealitatea pittin bat hurbilaraztea izan da gure asmoa, eta horretarako, gaurkoan, baserriaren bizimodura sustraituta dauden kirol eta jokoen erakustaldia antolatu dugu, Usarrabi frontoian. Denetik egiteko aukera eman zaie herriko haurrei: harri jasotzea, txingak, soka-tira, trontza, sagar-biltzea, artazuriketan... Gozatu egin dutela esango nuke”.
Haurrek saio ederra egin dute bateko eta besteko jokoekin, eta nahikoa asetua hartu dutenean, kalabazaren landareak jaso dituzte sari gisa. Ohartarazi zaienez, ondo zaintzen badituzte kalabaza bikainak aterako zaizkie, Gau Ilunean ospakizunerako.
Herri kirolen saioaren ostean, helduek txistorra pintxoa eta sagardoa dastatzeko aukera eduki dute. Herriko trikitilarien doinuekin eta Irazuren eta Lujanbioren bertso saioarekin ere gozatu ahal izan dute.
Gutik Zura dokumentala, ostiralean
Nekazarien egunaren ospakizunekin jarraituz, maiatzaren 19an, ostiralarekin eta 19:30ean, udaletxeko ikus-entzunezko gelan, Gutik Zura dokumentala proiektatuko dute. Iraganetik etorkizunerako bidaia egitea gonbidatzen du ikuslea dokumentalak, eta horretarako lur honetako gizakiaren eta zuraren eta basoaren arteko harremana azaltzen du.