M28 Aiztondo

“Herria ez du Udalak bakarrik egiten, herritar guztien premia dago”

Ainhoa Gil 2023ko mai. 24a, 08:36

Pandemiaren eraginez atzeratutako ekimenak aurrera eramateko gogoz agertu da Legarra.

Pili Legarra Cortajarena  Asteasu Batuzeko alkategaia

Hiru legealdi egin ditu alkatetzan Pili Legarrak eta, maiatzaren 28ko hauteskundeetan Asteasu Batuz taldeko alkategaia izango da

Hamabi urteko bidea egin duzu Asteasuko Udalean. Atzera begiratua egingo al zenuke?

Ilusioz beteriko uneak izan ziren duela hamabi urte bizitako haiek. Aldaketarako premia zegoela sumatzen zen herrian eta babes handia jaso genuen. Oso legegintzaldi berezia izan zen. Nire bizitza pertsonalerako ere oso aberasgarriak izan dira urte hauek, asko ikasteko aukera eman bait dirate eta baita arazoak ulertzeko neurria jartzen ere. Bada esaldi bat asko gustatzen zaidana; ‘Izan gogorra arazoarekin, eta goxoa pertsonekin’, hori aurrera ematen saiatu naiz. Bestalde, hauxe azpimarratu nahi nuke: alkatetza batek ez du zentzurik atzean talde on bat ez badu eta nik beti izan dut talde indartsua alboan.

Maiatzaren 28ko hauteskundetan, alkategai izango zara...

Pandemia tarteko, ekimen garrantzitsu batzuk bukatu gabe geratu zaizkigu, eta hori izan da berriz aurkezteko arrazoia.

Zeintzuk dira bi erronka horiek?

Bi erronka nagusi izango ditugu legegintzaldi berrian: Asteasuk Kultur etxe txikia du, eta ekintzak egin ahal izateko, eraikin ezberdinak erabili behar izaten ditugu. Horrek, sostengarritasun arazoa ekartzen digu; eraikin guztiak berotu eta mantendu behar dira. Leku bakarrean zentratuko ditugu ekintzak. Horretarako, Kabela berri etxea erosi du Udalak eta horko lurrak erabiliko ditugu eraikin berria egiteko. Behin hori garatuta, bi eraikin libre geratuko zaizkigu: egungo Kultur etxea eta Lizardi etxea. Horiekin zer egin aztertzen ari gara; gazteentzako apartamentuak, adinekoentzat etxeak... Bestetik, arau subsidiarioak zaharkituta geratu dira eta derrigortuta gaude Plan Orokorra diseinatzera. Asteasuko etorkizuna diseinatzen da Plan Orokorrean: non hazi, ze erritmotan hazi... herriaren hazkuntzak zerbitzuen hazkuntza eskatzen du eta neurtu egin behar da. Etorkizunean ere gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko aukerak lantzea izango da lehentasunetako bat. Aurreko legegintzetan eraiki dira batzuk eta hemendik urte batzuetara ere aukera izateko, Igarrone baserria erosi du Udalak, bota egin da, eta gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko bideratuko da lursail hori. Horretarako Plan Orokorra landu behar da eta bitartean, aparkaleku gisa erabiliko da. Bailara mailako ekimenak ere abian jarriko ditugu. Aiztondo mailan baditugu elkarlanean landu ditzakegun gaiak. Tolosaldea mailan, ospitale publikoaren beharra azpimarratzen jarraituko dugu eta horretan indarra jartzen.

Zein mezu zabalduko zenieke asteasuarrei?

Udala da herritarrengandik gertuen dagoen erakundea eta bertako ateak beti zabalik dituzte. Herria ez du Udalak bakarrik egiten, herritar guztien premia dago horretarako. Ardura hartu behar dugu, gozamena ere guztiona izan dadin. Bestalde, Udalak herritarron artean osatu behar ditugu; bestela kanpotik hornituko dizkigute.

Gainerakoan, garbi dugu ondo funtzionatzen duten ekimenek jarraipena behar dutela: gazteekin martxan jarritako Soka ekimena, etorkinen gaia lantzeko abiarazitako Mundu bat Asteasun, berdintasun arloan egindako lanketa, kultur eta jai egitarauak…, horiei guztiei eutsi eta lantzen jarraitu nahi dugu.

 

Asteasu Batuz

  1. Pili Legarra Cortajarena.
  2. Larraitz Alkorta Aizpurua.
  3. Pedro Maria Izagirre Sarasola.
  4. Aitor Usandizaga Izaguirre.
  5. Amaia Agirre Arrastoa.
  6. Xabier Roteta Erkizia.
  7. Iosu Arrikarte Otegui.
  8. Leire Olano Jimenez.
  9. Iosu Omeñaca Alcorta.
  10. Ordezkoak
  11. Ainhoa Landaberea Torremocha.
  12. Jose Ramon Ayerza Sarasua.
  13. Mikel Muguruza Aguirre.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!