M28 Aiztondo

"Alkategai aurkeztea aukera polita da herriaren alde egiteko"

Aiurri 2023ko mai. 24a, 08:29

Aitziber EgaƱa alkategaia, herriko plazan.

Aitziber Egaña EAJ-PNVko alkategaia Asteasun

Familia jeltzaleko kidea da, eta horrek eragina izan du alkategai aurkezteko garaian. Gogotsu dago, besteak beste, "Agenda 2030" herrian txertatzeko

Asteasu Batuz ekimenak herritar askoren babesa jaso du. Horren aurrean ez dirudi EAJ-ak erronka erraza izango duenik. Hala ere animatuta zaude?

Oso animatuta nago. Azken urteetan beti izan da herri zerrenda bat eta ezagutu dut baita ere EAJ alderdiak ateratako zerrenda. Orduan, bai, animatua nago. Ikuspuntu desberdinak dira eta bata bestea osatzen du. Gai guztietan ez, noski, baina ondo ikusten dut talde eta jende berria aurkeztea. Positiboa da herriarentzat. 

Zer dela eta eman duzu urratsa hautes zerrendan buru izateko? 

Urrats txiki asko eta asko izan dira. Nire ama Asteasuko zinegotzia izan zen bere garaian, eta aita beti zerrendetan joan izan da. Niri asko gustatzen zait elkarteetan ibili eta lan egitea eta beti egon naiz herriaren alde zerbait egiteko prest. Gaiak ez dit  inoiz axola izan; kirola elkartea izan ziteekeen moduan natura elkartea ere izan zitekeen. Alkategai aurkeztea aukera polita iruditu zitzaidan nire herriaren alde zerbait egiteko, zerbait onuragarria egiteko eta nire ale koxkortxo txikia jartzeko aukera. Hori dela eta egin dut aurrera, nire herrian egin dezakedana egiteko prest nagoelako aurkeztu dut nire burua. 

Zein proposamen zehatz dituzue Asteasurako?

Nire proposamen zehatz eta nagusiena Agenda 2030aren barruan jarduerak egitea da. Nazio Batuen agenda 2030en ildoak hartu eta horietan egokitzea herria, herriaren nahiak eta beharrak. 

Adibidez, Asteasuk aurrera egiteko elkarbizitzarako lidergoa sustatu eta bere ondare natural eta kulturalari ekarpenak egitea. Gobernantza eredu ona eta berriari eutsi, eraginkortasunez eta gertutasunetik lan eginez. Modu gardenean, herri-politikak partaidetzaren eta lankidetzaren bidetik egiteko. Bestetik, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan konpromisoa hartu nahi dugu, neurri eraginkorrak martxan jarri Asteasu berde bat sortzeko. Gainera, herriko gazteengan pentsatuz etxebizitza berrien eraikuntza babesten jarraituko dugu eta langabezian dauden pertsonei prestakuntza eta enplegu aukera berriak eman.

Halaber, gizarte-laguntzak modu justuan ematen ahaleginduko gara eta gure auzoetako bizilagunen beharrei arreta berezia jarriko diegu. Gaztetxoak ere ez ditugu ahaztu behar eta aisia ekimenak jarri nahi ditugu abian, jarduera ludikoak garatzeko ikuspegi didaktiko, kultural eta inklusibo batetik. Eta, inklusioaren harira, gizon eta emakumeen berdintasuna lortzea bere osotasunean ezinbestekoa da. Genero ikuspegia kontuan hartuta egingo ditugu udal politikak gizarte berdinagoa lortzeko. Azkenik, euskara eta herriko bizitza soziokulturala ere aipatu nahiko nituzke, alderdi guztietan sustatu eta garatuko ditugu herriko elkarteekin lankidetzan eta norbanako eta talde nortasunari garrantzia emanez. 

 

Asteasuko EAJ-PNV

  1. Aitziber Egaña.
  2. Luke Uribe-Etxebarria.
  3. Alaitz Elorza.
  4. Iker Garmendia.
  5. Juan Urrestarazu
  6. Itziar Muñoa.
  7. Joxe Miguel Soraluze (Independentea).
  8. Idoia Imaz.
  9. Jimmy Teixeira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!