Sanpedroak 2023

"Lortutako dirua herriko ekintzetara bideratuko da"

Irune Alfonso 2023ko eka. 23a, 07:00

Muguruza eta Otegi gogotsu daude festa eta lanak uztartzeko Sanpedroetan.

Libe Muguruza eta Maialen Otegi Txosna herrikoiaren partaide dira.

Txosna batzordea nortzuk osatzen duzue? 

Libe Muguruza: Txosna herrikoiaren talde motorra aurten berritu da. Orain arte, bost lagunek parte hartzen zuten urtero eta ardura guztia beraien gain zegoen. Horrek pertsona erretzeko arriskua dakar. Hiru lagunek utzi egin dute aurten, horregatik, deialdia egin dugu jende berria taldera sartzeko edo laguntza puntuala emateko. Talde motorrean, egun, 9 neska-mutil gaude.  Lehen, txosnatan ateratzen zen dirua euskal presoentzat izaten zen baina, orain, egoera aldatu egin denez, txosna herrikoia bihurtu da eta ateratzen den dirua herriarentzat eta herriko ekintzetarako izango da. 

Ekainaren 27a txosnarekin lanean jartzeko egun seinalatua da. Lan handia izango al da?

L.M.: Deialdia 27rako egin dugu, txosnaren muntaiari ekiteko. Bertan jendeak parte hartuko du. Jaietan txandak betetzeko behar izaten dugu jendea. Aurreko urtean bete genituen txandak, nahiz eta askotan, talde motorrekoak lanera sartu behar izaten dugun. 

Eta, denera, zenbatek egin beharko dute lan?

M.O.: 2-3 pertsona izaten dira lanean lehenengo egunetan. Ostirala eta larunbatetan jende gehiago behar izaten denez, 4-5 pertsona arituko dira txandan. Jendearen arabera moldatu ditugu txandak. Txosnak ekitaldiak martxan jartzearekin batera irekitzen dira eta, ondoren, gauez.

Txosna eremuan, aurtengo jaietan ere, eraso matxisten aurkako protokoloa martxan izango dela pentsatzen dugu.

L.M.: Eraso matxisten aurkako gunea bi egunetan egongo da martxan eta protokoloa bideratzeko Herritar Laguntza Sarea izeneko taldea dago. Aurten erabaki dugu txosneko txandarekin batera telefonoaren turnoa joatea. Hortaz, aurten, telefono bat txosnatan egongo da beti. Eta, bestea, kalean. Ekainaren 27an formazio laburra egingo dugu eta tabernetara ere joango gara protokoloa azaltzera. "Ni ere prest" txapak ez dira faltako aurten ere; txapa hori jantzita badaramazu, eraso bat egonez gero, aurre egiteko erantzukizuna hartzen duzu. 

Zein ekitalditan parte hartuko duzue aktiboki? 

L.M.: Nik gogokoen dudana dantza soka da. Duela urte batzuk hasi ginen bertan parte hartzen eta niretzako oso momentu polita izaten da hori. Aktiboki dantza sokan parte hartuko dut, etorkinekin dantza egingo dugu ikurrinaren aldeko ekitaldian. Zinta dantzan ere parte hartuko dut, agian, protokoloan baita ere...

M.O.: Kuadrillen bazkaria oso gogoko dut. Karpan kuadrilla guztiak elkartzea, afari baten bueltan, handia da. Izugarrizko saltsa sortzen da. Giro hori oso gogoko dut. Herri kirolean ere parte hartuko dut, eta baita musika eskolako emanaldian ere. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!