Orain hiru hamarkada hartu zuen Mikel Arteagak, gurasoen eskutik, Bulano baserriaren gidaritza. Urtez urte, nabarmen hazi da beren esne-behien familia.
Bulano baserrian jaio zinen, eta hortxe bizi zara gaur egun ere. Ondo baino hobeto ezagutzen dizkiozu tripak etxeari, gaziak eta gozoak…
Esnea egin dugu, betidanik, aiton-amonek, gurasoek, guk… Bi bizitzako baserria da Bulano, eta lehengusuak bizi gara bertan. Bada, duela 24 urte gure jarduna batzea erabaki genuen, eskura genituen baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Horretan sartu ginen, eta, momentuz, ondo dijoa, bi hamarkada ondoren. Toki ona da abeltzaintzarako, herrigunetik urrunduta dago eta horrek esan nahi du etxe inguruan dauzkagula lurrak, alegia, ez dugu urrutira joan beharrik. Alde horretatik, egokia da, kostu aldetik, askoz hobeto ateratzen direlako gauzak, traktore bat hartu eta hara eta hona ibiltzea baino. Kostaldetik gertu gaude, beraz, ez da belardirik lehortzen. Bestalde, nahiko belardi aldapatsuak ditugu, eta, neguan, oso haizetsua da. Horrela, oso toki egokia da, baina gogorra ere bai.
Mundu guztiak zerbitzuetatik eta saltsatik gertu bizi nahi du. Espazio berde gutxiago zein kutsadura handiagoa pilatzen da horietan. Bizimodu lasaia dugu gurean, ingurune osasuntsu batean.
Esne-behiekin egiten duzue lan. Hamarkadaz hamarkada zuen behi familia hazi egin al da?
Haurra nintzelarik, zortzi bat behi, txahal txikiren bat eta astoa ezagutu nituen. Gaur egun, 150 buru daude Bulanon. Jauzi handia da, baina egoerak hala eskatuta. Denbora-tarte luzea hartu du hazkundeak. Gaztetxo-gaztetxo nintzela, 25 bat behi jeztera iritsi ginen; hemengo gidaritza hartzea tokatu zitzaidanean, 30 behi genituen, gutxi gorabehera, lehengusuarekin elkartu aurretik. Harrezkero, pitinka, handitzen joan gara, orain 15 urte, kopurua mantentzea erabaki genuen arte. Inguruneak ematen dizkigun baliabideekin, horixe da izan dezakegun kopururik aproposena.
Azpiegiturari dagokionez, aurrerapausoak eman ditugu, ekoizpenari erantzuteko. Pixkanaka, teknologia gehiago txertatu ditugu. Garrantzitsua da behien ongizatea etzanda egoteko toki zabalagoak dituzte, lasaiagoak. Ura edateko ere espazio handiagoa dute... Zenbat eta hobeak izan behiaren bizi-baldintzak, orduan eta hobea izango da esnea. Bada, horren bila, hobekuntza nabariak izan ditugu, punta-puntako teknologiarekin.
Garai batean, etxe barruan genituen behiak, alegia, beheko solairua ukuilua zen. Guztia bat zen, lana eta bizitza, bere horretan. Guztiak nahastuta bizi ginen. Ondorioz, egun, espazioak banatuta izateak onurak ekarri ditu.
Zuen ateak irekiko dizkiezue herritarrei datorren asteburuan “Ongi etorri baserrira” egitasmoa medio. Interesgarria al da ekoizleak ezagutzeko?
Oso gustuko dut gure ekoizpenaren prozesua, hasi eta buka. Horrela, ukuiluko bizimodua, zikloa azaltzen dugu lehendabizi, ditugun erreminta eta teknologiekin. Parajeak eta belardiak bisitatzera ere ematen ditut, bertatik jaten baitute behiek: 50kg belar jaten ditu behi batek egun bakarrean eta 60 litro edan.
Esnetarako ez diren behiak gizendu egiten dira eta labeleko haragia egiten dugu. Hori ere erakusten dugu, etxean egiten ditugun gauzez gain (baratza, oiloak...). Finean, gure bizimodura gerturatzen ditugu. Baliagarria da egitasmoa, zer, nork eta nola egiten den ezagutzeko. Prozesu bat da, eta, horrela, nolabait gure jakintzak partekatzeko aukera daukagu interesa dutenekin.