Asteasuren historia aberatsa, liburuan

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2023ko abu. 1a, 08:00

Gillermo Etxeberria liburua eskuetan duela.

Gillermo Etxeberriak Asteasuko Alkatetza. 2023 liburu mardula kaleratu du, berriki. XV. mendetik hona Asteasu eta asteasuarren kronika egin nahi izan du, arin irakurtzeko moduan.

Gillermo Etxeberria Ugalde, Asteasu herriarekin eta asteasuarrekin harremana duen informazioa jaso eta jaso dabil azken urteetan. Aspertzeko betarik hartzea zer den jakin gabe ibili ere, EHUn Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako saileko irakasle 30 urtez aritu eta erretiroa hartu zuenetik, batik bat. 

“Hainbat urtetan, metatu ditudan makina bat alor, albiste eta gertakariren bilduma da. Liburu lodi samarra atera da, baina, pentsa, lodiago gertatu aurretik eman behar izan dut argitara”. 

Autoedizioa, goitik behera

Datu-bilketa, idazketa, diseinua, maketazioa eta argitalpena. Bere gain hartu du prozesu guztia Etxeberriak. Edizio mugatuko argitalpena plazaratu du, 160 alekoa, inongo diru-laguntzarik gabe. Doan ari da banatzen, eskuz esku. Horietako asko banatu ditu jada, ehun, Pello Otaño ikastetxeko ikasleen artean. “Poza ematen dit horrek, Asteasuko ehun familiek behintzat edukiko dutelako, kontsulta gisa”. 

Edizioa agortu bitartean, geratzen zaizkion aleak irakurketan murgiltzeko interesa duen edonori banatzeko prest da Etxeberria. Hori bai, oharpen txikia egin nahi izan du: “Eskakizunetan, herriko seme-alabei emango zaie lehentasuna”. Hona, jarri duen helbide elektronikoa: gillermoetxeberria@gmail.com.

14 ataletan banatuta

590 orrialdeko argitalpen mardula da Asteasu. Aiztondoko Alkatetza, 2023 liburua, zinez. Baina egileak berak zehaztu nahi izan duen eran, liburua ez da hasi eta buka irakurtzekoa; hobe du irakurleak aurkibidera jotzen badu, ziur aski, bertan aukeran dauden gaietatik batekin erreparatuko baita bereziki, eta hari egingo baitio kosk. Atal horietan guztietan, XV mendetik gaur arte, denetariko informazioa jakingarria topatuko du irakurleak.

Herri nekazaria bai, baina...

Asteasu estereotipo errazen bidetik definitzeko tentazioan erori izan da maiztxo; alegia, Asteasu baserritarren bizimoduan sustraia duten herri kirolekin eta apustuekin soilik identifikatzea (gogoan hartu besterik ez dago, Tranpazuloaren goitizena). 

Alde horretatik, ikuspegi itxi horren aurkako antidoto polita izan liteke liburua. Honela mintzo da Gillermo Etxeberria: “Oinarrian, gure herria, herri askoren moduan, herri nekazaria izan da. Nekazaria, garai batean, sarri irudikatzen zen baserriarekin, han hemenka ugaltzen joan zen laborari munduarekin. Hau da, lurrari zuzen lotutako jendea. Beraz, eguneroko bizibeharrari atxikia eta lotua. Nolanahi ere, herriaren historiari begirada ematerakoan, ikusten da gure herriko seme-alabak ez direla horretara mugatu, eta horrez gain, badituela, ez ez hain gutxi, pertsonaia ilustreak, hainbat eta hainbat alorretan berezi direnak. Gaur egun arte, eskola unibertsitarioa hartzea, gutxiren esku zegoen alorra zen. Baina, harritzeko moduan, izan ditu Asteasuk gara zaharretan ere arkitektoak, igeltsero ospetsuak, kirolari sonatuak, bertsolariak, politikariak, musikariak, euskal idazleak, apaiza ilustreak, sendagileak...”.

Historia aberatseko herria

Ziurrenik, asteasuar askorentzat ezezagun samarrak egingo dira liburuan ageri diren makina bat kontakizun eta biografia. Ikerketaren langintzan ari zela, egilea bera izan da harriturik geratu dena Asteasuk daukan aberastasunagatik, ikuspegi orokor batetik ikusita. 

“Liburu irakurri ahala, nahi nuke irakurlea ohartuko balitz herri txiki batek, mila-mila bostehun biztanle eduki dituen herri txiki honek, Asteasuk, zer historia aberatsa daukan. Nolabait, herriaren izaera adierazten da orrietan. Pertsonaiak, idazleak, bertsolariak, kirolariak, ogibide tradizionalak, kristautasunaren sentimendua eta adierazpenak... Izan ere, Asteasu eta asteasuarrak, ez dira historian barrena ibili ezer egin gabe, ezer eman gabe. 

Dibulgatzaile baten iturri agortezina

Argitalpen ugari plazaratu ditu jada, Etxeberriak, Asteasu eta asteasuarrak gaitzat hartuta, Etxeberriak. Hona horiek: Asteasu kantuz; Asteasuko kontakizunak; Asteasuko bazterrak; Asteasuko San Pedro eliza; eta, Asteasuko elizak eta baselizak (San Pedro, Santa Krutz eta Santamaña).

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 631 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!