Azoka berezia Asteasun, igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Gil 2023ko ira. 21a, 06:43

Urteroko moduan, Ibargaingo belazean jarriko dituzte herriko ganaduak, goizez.

Herrigune osoa hartuko du Asteasuko azokak. Plaza, pilotalekua, Ibargaingo belazea…, bertan aurkitu ahal izango dira artisau nahiz baserritarrek produktuak eta baita ganadua ere. 10:00etan zabalduko ditu ateak azoka bereziak.

Egun osoa bertan igarotzeko moduko egitaraua prestatu dute aurtengorako. Antolaketa berria izan du aurtengo edizioak. Baserritarren mahaia sortu berri da Asteasun: “Sektorearen premiak aztertu eta bultzada bat emateko asmoz sortu da mahaia. Azoka antolatzeari heldu dio mahai horrek eta berrikuntza batzuk sartu dituzte”, azaldu du Axier Baglieto, Asteasuko kultur teknikariak. 

Postu gehiago

Postu kopurua handitu egingo da aurten; guztira 60 postu inguru jarriko dituzte azokagunean: “Alde batetik, Asteasuko hamar herritarrek hartuko dute parte mota ezberdinetako postuak jarriz eta, beste herrietatik datozen artisau eta baserritarren kopurua ere handitu egingo da aurtengoan”. Pilotalekuan nahiz plazan, produktu ezberdinak ikusi eta erosteko aukera zabala izango da beraz aurtengoan. Ibargaingo belazean berriz, herriko ganaduak izango dira ikusgai. Behi, behor, ardi…, denetarik bilduko dute bertan. 

Asteasura gerturatzeko aukera ezberdinak izaten dira. Autoz iritsiz gero, bolondres taldearen azalpenak jarraitu behar dira modu egokian aparkatu ahal izateko. Bizikletaz edo oinez gerturatzea da beste aukeratako bat. Zizurkil eta Asteasu batzen dituen bidegorria oso aukera egokia da horretarako. Baserria eta kalea geroz eta urrunago daudela antzemanda, Azoka eguna baliatu nahi izan dute Asteasun, bi mundu horiek pixka bat gerturatzeko ahalegina egiteko. Erakustaldi ezberdinak antolatu dituzte horretarako: “Baserritarren mahaiaren kezkatako bat da baserriaren eta kalearen arteko urruntze hori. Baserriko lanak erakusteko asmoz, ekitaldi ezberdinak antolatu dira: sega pikatze erakustaldia, perratze saioa… goizez izango dira horiek. Horrez gain, 11:00etan hasita asto ibilaldiak ere antolatu dira. Arratsaldez berriz, Zurgai herri kirol taldeak erakustaldia eskainiko du. Egurrari lotutako kirolak izango dira gehienbat ikusgai”, azaldu du Baglietok. 

Salmenta, goizez

Aurtengoan, goizez egingo da salmenta, arratsaldea baserri giroari lotutako beste zenbait ekitaldiri uzteko: “Arratsaldean ere postuak zabalik izaten ziren aurreko urteetan, baina ez zen jende askorik ibiltzen eta, aurten, goizera mugatzea pentsatu dugu. Azoka indartu nahi dugu modu horretan. Goizez egingo dira, baita ere, ohiko arroz-esne lehiaketa edota herriko baserrietako kalabazen erakustaldia”. 

Herri kirolak eta erromeria

Arratsaldean, aurrez aipatutako herri kirol erakustaldia eta erromeria izango dira gozagarri. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da herri-kirol erakustaldia eta, Jone eta Julene trikitilariek berriz 18:30ak aldera ekingo diote lanari. Dantzarako aukera ederra izango dute zaletuek bertan. Goizeko 10:00etan hasita, egun osoan zehar izango da zertaz gozaturik Asteasun. Baserria hobeto ezagutu eta babesteko aukera ederra izango da bertan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!