Trikiti eta pandero eskolan ereindako haziak hartuko du lekukoa

ainhoa Gil 2023ko urr. 12a, 07:00

Malen Aranburuk hartuko dio lekukoa Juan Tapiari.

Hogei urteko bidea egin ondoren, ikasturte amaieran jakinarazi zuen Juan Tapiak aurten ezingo zuela jarraitu Asteasun trikiti eta pandero eskolak ematen. Malen Aranburuk hartu dio lekukoa.

Zenbait gurasok egindako eskaerak abiarazi zituen Asteasuko soinu eta pandero eskolak. “Ilusio ikaragarriz hasi ginen. Bi trikitixa eta hiru pandero ikasle izan nituen lehen ikasturte hartan. Oso eskertuta nago momentu hartan niregana jo zutelako, eta baita bide osoan zehar izan dugun harremanagatik”, azpimarratu du Juan Tapiak. Haur talde txiki batekin abiatu zituzten trikitixa eta pandero eskolak, 2003an. 

Goranzko joera

Berehala hartu zuen goranzko joera. “Herriko festetan kalejira egin genuen, trikitilari gehiago ekarrita. Gisa horretako ekitaldiekin, jendeak kalean ikusten zaitu eta gogoa pizten da. Hurrengo ikasturtean izen-ematea igotzen hasi zen eta horixe izan zen joera lehen urteetan. Geroz eta jende gehiago animatzen zen trikitixa eta panderoa ikastera”. Larunbat goizetan elkartzen hasi ziren, baina laster zabaldu behar izan zuten ordutegia, eta ostiral arratsaldetan ere eskolak ematen hasi ziren. “Horretan ere zortea izan dugu. Ez da erraza asteburuetan jendea eskoletara etortzea, baina hemen ez da arazorik izan. Jendeak dagoeneko oso barneratuta dauka trikitixa eta pandero saioak ostiral eta larunbatetan izaten direla, eta hala jarraitzen dugu”.

Ikasleen grina eta gogoa eta gurasoek eskainitako laguntza eskertu ditu Juan Tapiak. “Beti prestutasuna azaldu izan dute eta horretan zorte ikaragarria izan dugu. Ikasten ari direnek behar izaten dute gurasoen babes eta bultzada hori, eta guri ez zaigu inoiz horrelakorik falta izan”. 

Hirukotea osatuta

Joan zen ikasturte amaieran adierazi zuen Juanek ezingo zuela Asteasun eskolak ematen jarraitu. “Prozesu baten amaiera izan da. Eskolan geroz eta ikasle gehiago nituen eta, ezin nuen denetara iritsi. Malen Aranburu eta Laiene Garmendia ikasleei luzatu nien laguntzeko proposamena. Zorte ikaragarria izan nuen. Gogotsu hartu zuten erronka eta elkarrekin hasi ginen, 2019an”. 

Bide polita egin dute Malenek eta Laienek, ikasle gazteekin. “Hasieran Juanen eskolatara joaten ginen, ikusle gisa. Pixkanaka, ikasleak ezagutzen eta martxa hartzen hasi ginen. Guretzako oso erronka polita izan zen. Momentu hartan Juanen ikasleak ginen, pandero, trikitixa eta kantuarekin ikaragarri gozatzen genuen, eta hori ikasleei transmititzeko gogoz ekin genion lanari”, azaldu du Malenek. Juanek gaineratu duenez, “oso ondo aritu dira hasieratik eta ikasleak ere oso gustura sentitu dira. Horrek harrotasun ikaragarria sentiarazi dit; oso gustura eman diet lekukoa. Pili Legarrak behin aipatu zidan polita litzatekela gure eskolan ereindako hazi hauek izatea etorkizuneko irakasle, eta hala izango da”. 

Malen Aranburu

Hirukotea osatuta aritu dira azken urteotan, baina ikasturte honetan Malen Aranburuk izango du trikitixa eta pandero eskolen ardura. “Pozik ekingo diot. Urduritasun punttu bat ere badut, baina ilusio ikaragarria daukat. Azken urteotan barneratzen joan naiz eskolaren funtzionamendua: klaseen antolaketa, ordutegiak, ekitaldiak…, orain hori guztia praktikan jarri eta aurrera eramatea egoitzen zait. Badakit, beharra izanez gero Juan aldamenean izango dudala, eta horrek lasaitasuna ere ematen dit”.

Trikitixaren munduak urteotan izan duen aldaketa izan du aipagai Juanek: “Lehen trikitixa eta panderoarekin beste modu bateko piezak jotzen ziren. Gaur egun askoz ere garrantzia handiagoa ematen zaio kantuari, esaterako. Malenek primeran menderatzen ditu hiruak; panderoa, soinua eta kantua. Gaurko ikasleek hori nahi dute eta Malenekin bermatua dago”, azaldu du Juanek.

Tapiari agurra

Joan zen ekainean, jaietako emanaldian eskaini zioten agurra Juani. Malenek eman ditu azalpenak: “Bagenekien Juanek aurten ezingo zuela klaseak ematen jarraitu, eta gure eskertza erakutsi nahi genion. Bere ikasle ohi guztiei deitu genien, gerturatzeko eskatuz. Emanaldia amaitu zenean, guztiok igo ginen eszenatokira, elkarrekin jo eta abestera”. 

Hunkituta jaso zuen ekitaldia Juanek: “Hori baina agur politagorik ez dago izaterik. Ikaragarri hunkitu nintzen nire ikasle ohiak bertan ikusita. Orain, bideari amaiera emateko, beste egitasmo bat darabilt buruan. Urte hauetan zehar hainbat bideo eta argazki ateratzen joan naiz. Entsaioetan, emanaldietan, kalejiratan… irudi asko jasotzen joan gara... Oraindik ez dut oso garbi zer forma emango diodan, baina garbi daukat zerbait egingo dudala, gordeta gera dadin”. 

Eskertza

Juan Tapia oso eskertuta agertu da urteotako ibilian aldamenean izan dituenekin: “Udalak eman zidan Asteasun aritzeko aukera, eta hori ikaragarria izan da. Bestetik, hainbat eta hainbat ekitalditan parte hartu izan dugu eta beti oso ondo zaindua eta baloratua sentitu izan naiz. Ikasleekin ere ikaragarrizko zortea izan dut eta baita haien gurasoekin. Herriarekin eskertua nago eta, nola ez, Laiene eta Malenekin. Laguntzaile izan ditut azken urteotan eta Malenek hartuko du ardura aurrerantzean. Hau baino politagorik ez dago; nire ikasle izandakoak hartuko du eskolaren martxa. Oso eskertuta nago”.

Malen ere oso eskertuta dago. “Ez nuen sekula pentsatuko trikitixa irakasle izango nintzenik. Juanek aukera eman zidan eta ikaragarri gozatzen ari naiz. Zortzi urteko umeak panderoa jotzen eta abesten entzutea gozamena da niretzat. Umeak zaindu eta hezitzen ere lana egiten dugu, eta erronka polita da niretzat. Espero dut nik dudan ilusio berarekin etortzea umeak ere”. 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 634 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!