Asteasuko bederatzi ama hizkuntza goraipatu zituzten Pello Errota eskolan, Euskararen Egunean

Xabier Lasa 2023ko abe. 5a, 09:18

Sinbolismoz jositako ekitaldiaren eskutik, hizkuntzen aberastasunari gorazarre egin zioten Pello Errota Herri Eskolako hezkuntza-komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, langile eta gurasoek; udal ordezkariak ere batu ziren ekitaldira. Ekitaldiaren inguruko argazki-sorta eta bideoa, ikusgai:

Euskara ez ezik, gaztelania, ingelesa, arabiarra, portugalera, bereberea, errusiarra, ukrainera eta katalana. Bederatzi dira Pello Errota Herri Eskolako hezkuntza-komunitateko kideen ama hizkuntzak, eta horiek ikustarazi zituzten Euskararen Egunaren harira egin zuten ekitaldi politean.

Lorea ipini zuten oholtzaren ondoan, eta zortzi talde igo ziren oholtzara bertara, euskarazko hitz bat (Eskerrik asko, Zorionak, Mesedez, Agur, Kaixo, Bai, Herria, On egin!, eta, Muxu) beste zortzi hizkuntzetan hizpide zutela, bakoitza kolore banatan.

Horrela, eskolako komunitateko beste zortzi hizkuntzetan ere nola esaten den azaldu zuten hitz hori. Bost talde ikasleek osatu zuten (LH2, LH3, LH4, LH5 eta LH6ko ikasleak), eta beste hiru talde helduek (jangelako begiraleak, udal ordezkariak eta gurasoak). Era horretan, denon artean lore eder bat hitzez koloreztatzen joan ziren banaka-banaka.

Ekitaldia aurkeztu zuten Izei eta Auritz ikasleen esanetan, “koloreak eta aniztasunak aberastu egiten gaitu”.

Ama hizkuntza zer den definitu zuten bi aurkezleek, “pertsona batek bere bizitzako lehen urteetan ikasten duen lehen hizkuntza da. Eta hau oso tresna garrantzitsua da, bizitzan komunikatzeko eta pentsatzeko erabiliko duelako”. Ama hizkuntza gordetzea eta babestea garrantzitsua dela azpimarratu nahi izan zuten biek ere, “Hizkuntza bakoitza kultura bati eta errealitatea ikusteko modu desberdin bati lotuta dagoelako. Ama-hizkuntza pertsona bakoitzaren identitatearen parte da, eta garrantzitsua da zaintzea”.

Ekintza sinboliko kolektiboaren ostean, Haur Hezkuntzako ikasleek Pello Errota eskolan bertan sortua den “Ume guztiak elkartu gara” abestia (Aitor Atxega, egilea) interpretatu zuten.

“Gora Euskara” abestia dantzatuz eman zioten amaiera Euskararen Eguneko festari, denek ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!