Iñaki Irazu asteasuarraren “Zakur zaunkak” Durangoko Azokan

Aiurri 2023ko abe. 10a, 09:00

Bigarren poesia liburua argitaratu du, Susa argitaletxearen eskutik. Iraganera egindako bidaia modukoa da, besteak beste, gerra garaiko kontuetara.

Liburua horrela aurkeztu du argitaletxeak: “Nonbait badabil poeta, oroimenaren basoan dabil orriotan. Betiereko forma hartu duten hitzen bideetan doa aurrera, izuaren zimurrak, gauaren atzaparrak, argi orbanak, lurrazpiko gelak eta harrizko etzalekuak zeharkatuz igaroaldian. Gerra garaiko kontuak eta ondoko urteetako behe-laino beltza datoz Ińaki Irazuren bigarren poema liburuan, inoiz utzi gabeko lekuetara eta inoiz agurtu gabeko jende batengana itzulera bat”.

Poesien artean bada,

HANKA BAT LURREAN 

I 

Gure aitonak

hanka bat lurrean

egiten zuen lo,

beraren bila

etortzen baziren

atzeko leihotik

hanka egiteko

 

Espainiako 36ko

gerrate garaian

egun batean

guardia zibilek

eraman eta

jipoitu zutenetik

sozialista izateagatik

 

bere bi anaia eta

herriko beste

batzuekin batera,

kamioi batean

igoarazita,

bazter batera

eraman ostean.

 

Amonak izainak

jarri zizkion,

zituen ubeldurak

onera ekartzeko:

larrutik ikasia,

ez zuen bizitza

osoan ahaztuko:

 

beltzune ezainak

ezereztu arren,

oroimenean luzaro

iraun baitzioten:

beldurraren gaitza

hezurretaraino

sartua zuen.

  

II

Urteen buruan, jada

gerrate ostean,

gure aitona

abere azoka

egiten ari zen

beste herri batera

joana zelarik

 

eraman zituzten

guardia zibilen

kapitain huraxe hantxe

ikusi zuenean,

hotzikara batek

zeharkatu zuen

jipoia gogoratzean:

 

aitona ikustean,

zuzen-zuzenean

kapitainak beragana

jo zuen bertatik,

haren aurrean

azalpen bat

eman beharrean:

 

“Gaur, hilda daudenez

eta niretzako

arriskurik ez dagoenez,

esango dizut zeinek

agindu zuen

egun hartan

zuek jipoitzea.

 

Pazifiko alkateak

eta Obdulio apaizak.

Nigana etorri ziren

zuon izenak

ageri ziren

zerrenda batekin:

denak hiltzeko

esan zidaten.

 

Baina nik

ez nuen nahi izan

errugabeen odolez

eskuak zikindu,

eta esan nien

ezin nuela inor hil

halako arrazoiagatik”

 

(“balio duen gizona

ezetz esaten dakiena”,

diote zaharrek.

Eta Amurrion, berriz,

“más vale

un día colorado

que ciento morado”).

 

Ordainetan, ordea,

astindu hura

jokatu beharra

izan zuela

ezinbestean,

bi haien egarria

berdinduko bazuen.

 

“Jipoitu baino

ez zintuztedala egingo

esan nien”.

Eta azalpena

eman ondoren

urrundu zen

beragandik gizon hura.

 

III 

Gure amonak

zaku oihalekin

egiten zizkien

arropak umeei,

ez baitzuten

jantzi berriak

erosteko dirurik.

 

Txitxirio batzuk

kixkaltzen zituen

zartagin batean,

haien hautsa

urari botaz,

halaxe, kafearen

itxura emateko

 

(igandea zenean

izan ezean: orduan bai,

bitxiak ziren

ale beltzekin

egindako kafearen

usain gozora

bilduko ziren).

 

Ezkondu zenean

ez zuen argazkirik

atera nahi izan

egongelako

paretan jartzeko,

plakoak jota

omen zegoelako:

 

sasoi hobeak

heltzen zirenean,

bi masail haiei

guritu on bat

ematen zienean,

argazkia atera

eta jarriko zuela.

 

Baina berari

ez zioten ilea

arras moztu,

kamioi batean

gora igota

herrian zehar

lotsan erabili

 

bere lagunekin

egin zuten bezala,

errizino olioa

edanarazi ondoren:

eta horrekin

gaitza erdira

zukeen ekarri.

IV 

Aitak barreka

kondatzen zigun

nola txikitan

lurrera botatako

zigarro mutturrak

biltzen zituen

bere anaiarekin.

Tabako hondakin

ale haiekin

zigarroak egin

eta gero herrian

saltzen zituela,

txanpon batzuk

ateratzearren.

 

Baina Eibarren

fabrika batean

hasi zenetik,

ez zuen gehiago

Salamancako

bere herrira

bueltatu nahi izan.

 

“Pobrezia… kuxidade ederra!”,

esaten zuen

aipatzen genionean,

isil unean

lotzen zelarik,

bihotza eta

buruaren jabe:

 

bere butakan

sendo jarria,

albo banatan

besoak bermaturik,

bere barrua

elikatzen zuen

egia horrek

 

ezingo balio bezala

jadanik ekin

bere gorriarekin,

oroimenaren

bidean jarrita

berari zuzen

begiratu arren:

 

mendian barrena

bidez gabiltzala,

guri heltzeko

ahalik gabe

aditzen dugun

zakur zaharraren

zaunka urruna.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!