Euskadiko Harri Jasotzaileen Txapelketa Asteasun jokatuko da larunbatean

Aiurri 2023ko abe. 15a, 13:50

Asteasun bihar, larunbatarekin, arratsaldeko 17:30etik aurrera jokatuko da Harri Handien Harri Jasotze Txapelketa. Imanol Royo Lartain, Gari Garmendia, Julen Diaz, Aimar Galarraga, Jon Unanue Goenatxo III, Sergio Mielgo, Xabier Aranburu eta Urdax Magunazelaia lau harri handiekin ariko dira Usarrabi frontoian.

Argazkian, ezkerretik hasita: Urdax Magunazelaia, Jon Unanue, Joxe Angel Sarasola, Jon Diaz, Pili Legarra, Igor Duñabeitia, Xabier Aranburu, Aimar Galarraga, Gari Garmendia eta Xabi Roteta.

Pili Legarra Asteasuko alkateak, Xabi Roteta kirol zinegotziak, Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kiroletako lehendakariak eta Joxe Angel Sarasola aurkezleak eman zuten txapelketaren berri Asteasun asteazkenean, harri-jasotzaileak ondoan zituztela.

Sarasolak zehaztu zuenez, Imanol Royo Lartain (Zarautz) Gari Garmendia (Idiazabal) Julen Diaz (Araba) Aimar Galarraga (Orio) Jon Unanue Goenatxo III (Azkoitia) Sergio Mielgo (Avila) Xabier Aranburu (Idiazabal) Urdax Magunazelaia (Abadiño) dira Asteasura helduko diren harri jasotzaileak, txapela jazteko irrikitan.

Lau harriekin aritu beharko dute lanean (3 minutuko saioak eginez, bakoitzarekin):

- 200 kiloko errektangularra.

- 175 kiloko zilindroa.

- 150 kiloko kubikoa.

- 125 kiloko bola. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!