"Fibromialgia abordatzen! Asteasutik munduan barrena"

Irune Alfonso 2024ko ots. 26a, 11:00
BeƱat Garcia "Fibromialgia abordatzen!" zapiarekin.

'Fibromialgia abordatzen' proiektuaren sustatzailea da Beñat Garcia Escribano. Bi urteren buruan, Fibromialgia gaixotasuna ikusgarri egitea, ezagutaraztea, eta Asteasutik, Euskal Herrira eta mundu osora zabaltzea da bere erroka nagusi eta handiena

Fibromialgia gaixotasun kronikoa da, eta muskuluetako eta eskeletoko min orokortua du ezaugarri; gorputzeko eremu askotan, eta puntu zehatz batzuetan hipersentikortasuna eragiten duelarik. 

1992.urteaz geroztik, Fibromialgia gaixotasuntzat hartzen du Osasunaren Mundu Erakundeak. Jatorri neurologikoa du eta mina nerbio-sistema zentralaren mailako desoreka neurokimiken ondorio da, alodinia eta hiperalgesia orokortuak sortuta. Normalean, gorputzeko beste askotariko sistemen difuntzio ugarirekin batera agertzen da. Fibromialgia biztanleriaren %3 eta %4 en artean aurkitzen da, horien artean, %90a emakumea izanik. Honelako sintomak ditu, besteak beste: neke handia, lo-nahasteak, kontzentrazio-eta oroimen arazoak, disfuntzio gastrointestinalak, zefalea handiak…

Gaixotasuna ez da ezaguna jendartean, eta Beñat Garcia asteasuarrak "Fibromialgia abordatzen" proiektua abiatu du. Bi urtetan, kirol erronka desberdinak egingo ditu, gaixotasuna dutenen alde. 

Zein kirol erronka burutuko dituzu gaixotasuna ezagutarazteko?

Kirolaria izan naiz beti, baino oraingoz, nire bizitzako erronkarik handiena, mendian 21 kilometro korrika egitea izan da. Aurten, nire motibazioa kirol arloan zerbait handiagoa lortzea zen eta zer hobeto erronka hori arrazoi konkretu bategatik egitea baino. Horretarako, kirol erronka desberdinak markatzea eta lasterketa mota berriak probatzea erabaki nuen.  Inoiz ez dut duatloi batean korrika egin, ezta triatloi batean parte hartu ere, 2024. urtea hiru fasetan banatuko dut: 

Lehenengo fasea: Añorgako duatloia, Zuiako duatloia, Zizurkilgo duatloia, Getariako triatloia, Gasteizeko Halfa, T2T lasterketa, Donostiako triatloia Onditz.

Bigarren fasea: Cross Tres playas, Lasarte-Oria Bai, Cross Zurich, Behobia-Donostia, Donostiako maratoia.

Hirugarren fasea: Gipuzkoari itzulia korrika 130-160 km inguru, oraindik ibilbidea zehaztu gabea. 2025. urtean eta amaiera emateko, Gasteizeko Iron Man-a.

Entrenamenduak grabatu eta sare sozialetara igotzen dituzu. 

Bai, baina nire helburua ez da nire entrenamenduengatik jendeak ni sare sozialetan jarraitzea. Helburu nagusia gaixotasunaren gaineko informazioa jendeari iristea da. Hala ere, oso garrantzitsua eta motibagarria da ni bezelako pertsona batek zerbaitegatik erronka batzuk planteatzean prozesu osoa ikustea, hau da; egunerokotasuneko entrenamenduak nola egiten diren eta prozesu hori nola eramaten duen ikustea. Horregatik zabaltzen ditut entrenamentuak, sarritan entrenatzen ari naizenean, gaixotasun honengatik nire familian pasatako momentuak gogoratzen ditut eta bizipen horiek eta sentimentu horiek bideoetan trasmititzen saiatzen naiz. Beste alde batetik, gaixotasuna duten pertsonekin elkartu eta elkarrizketak egiten ditut eta beraiek helarazten dizkidatenak ere zabaltzen saiatzen naiz. 

Elkarrizketak bakarrik ez, Gainberri ikastetxera ere joan zara gaixotasuna eta proiektua azaltzera. Nolako esperientzia ari da izaten hau guztia? 

Hasiera batean nuen ideiatik haratago ari da joaten. Jendearen harrera eta laguntza ikaragarria ari da izaten. Hunkigarria hitza erabiliko nuke adierazteko bizitzen ari naizen guztia. Elkarrizketak edo Gainberri ikastetxera joan nintzenean jendearen prestutasuna eta entzuteko gogoak hunkitu egiten zaitu, eta gero, batez ere senitartekoekin edota gaixotasuna dutenekin elkartzen zarenean eta istorio bakoitza desberdina dela ikusten, asetuta, pozik, eta eskertuta sentitzen zara. Azken finean, gaixotasun hau ez da oso ezaguna eta eskertzen egiten dute haien ahotsa izatea. Gogorra egiten da horrelako esperientziak eta kasuak entzutea, baina hunkigarria da erabat. 

Eta beraientzat nolakoa ari da izaten?

Gaixotasun honek zeure buruarekin ixtera eramaten zaitu, eta gaixotasuna dutenen artean ezagutzeak, elkar ulertzera iristeko puntua eman die, eta horrek, asko indartzen ditu. Askotan aipatu didate euren sentimenduez ez dutela inorekin hitz egin, komunikaziorik ez badago ez zaituztete ulertuko, baina are gutxiago ez baduzu gaixotasun bera duen norbaitekin hitz egiten. Sintoma hauek beraiek bakarrik ulertzen dituzte eta beraiek ulertzen dute euren denbora eta espazioa nola kudeatu behar diren, horregatik, eskerrak eman dizkidate beraien artean elkar ulertzen direlako eta ikusi dutelako jende gehiago ere badagoela gaixotasun berarekin. Sarritan bakarrik sentitu izan baitira. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 643 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!