"Fisikoki Tolosan gaude, baina, Tolosaldeko emakumeen etxea da"

Irune Alfonso 2024ko mar. 10a, 08:42

2018an hasi ziren Tolosaldeko emakumeak AndragoraEmakumeen Etxea lortzeko lanean. Bertako dinamitzatzailea da Libe Muguruza Agirre.

Andragora Tolosaldeko emakumeen etxea da. Eskualde osoko emakumeen gunea alegia. 

Libe Muguruza: Etxearen finantzaketa eskualdeko 24 herrien artean osatu da. Etxea, inolako zalantzarik gabe, eskualde osoarena da. Eskualde osora iritsi nahi dugu. Fisikoki Tolosan gaude, baina, Tolosaldeko emakumeen etxea da. Pixkanaka gure bidea eraikitzen ari gara eta iristen zaizkigun eskariei erantzuna ematen.

Zertarako sortu da emakumeen etxe bat?

Bost multzotan bildu genitzake helburuak eta arrazoiak:

1. Gutasun baten parte sentitzeko. Gertutasuna eta konfiantza eskaintzeko, entzuna eta ulertua izateko, parte sentitu eta izateko, seguru eta babestuak sentitzeko, libre izateko, eta aisialdiko jarduerak lantzeko giroari arreta berezia jarrita.

2. Sareak eraikitzeko. Emakume anitzak (adina, jatorria, klasea, ideologia, gaitasun…) elkartzeko, saretzeko etasinergiak lantzeko; eskualdeko mugimendu feminista sendotzeko eta honekin batera, eskualdeko emakume guztien indarrak batzeko, horrela, emakume taldeen egoitza sortuz.

3. Ahalduntzeko. Informazioa jasotzeko eta ikasteko, horrela, garapenerako gunea izanik. Emakumeak etengabe ahalduntzeko; Jabetze Eskola antolatzea. Feministak sortzeko laborategia izateko eta feminismoaren inguruko sentsibilizazioa lantzeko.

4. Eraldaketa sozialerako. Eraldaketaren ikuspegitik jendarteko eremu guztietan politikoki eragiteko (behatoki kritikoa): elkarte gastronomikoak, ikastetxeak, jaiak, enplegua, zaintza lanak, etab.

5. Indarkeria matxista ikuspegi integraletik lantzeko. Baliabide publiko komunitarioak eta tresna kolektiboak eskaintzea.

Aholkularitza juridikoak lehen egunetan eskaera handia izan zuen. Eta orain gutxi, aholkularitza psikologikoa eskaintzen ere hasi zarete. Zein zerbitzu gehiago eskaintzen dituzue?

Etxean lehen arreta eta bideraketa eskaintzen da. Etxea irekita dagoen ordu guztietan ematen den zerbitzua da. Aholkularitza juridikoari dagokionez, bi astez behin etortzen da, astearte arratsaldetan lau orduz, eta aholkularitza psikologikoa aldiz, astero bost orduz. 

Aholkularitza juridikoa zerbitzua larrialdi baten ondorioz hasi zen ematen eta gerora, zita guztiak bete ziren izugarrizko beharra zegoelako. Aholkularitza psikologikoari dagokionez, itxaron zerrenda txiki moduko bat genuen, jendea galdezka etorri baitzitzaigun. Azaldu beharra dago, bi zerbitzu horiek aholkularitzak direla, hau da, lehenengo sarrera egiten dute; zalantzak argitu eta lehenengo laguntza eman. Aukera hauetan, abokatu batengana iristen lagunduko dizute, edo psikologiaren alorrean, gehienez, bost saio hartzeko aukera eman eta gero, beste batengana bideratu. 

Aukera hauez gain, Kafe Tertulia jarri da martxan. Sos Arrazakeriak eramaten du eta etxeko langileak diren emakumeak biltzeko espazio bat da non euren bizipenak, beharrak eta sentimenduak elkarbanatuko dituzten. 

Eta azkeneko berritasun bezala, indarkeriarik gabeko espazioa sortuko da. Astero egingo den espazio ireki bat izango da, bi orduko iraupenarekin. Indarkeria matxista jasan duen edozein emakume bertaratu daiteke. Talde egitura izango du eta dinamika desberdinen bitartez lanketak egingo dira. Proposamena aurretik Oarsoaldean egin zen eta oso interesgarria izan zen. Dinamizatzaileak gai desberdinak jorratuko ditu; arnasketa, dantza... eta taldearen arabera antolatzen joango dira. Erreparazioaren bidean arreta integrala eskaintzeko behar-beharrezkoa da eta apiriletik aurrera antolatzeko asmoa dago. 

Asteasuarra zara eta Asteasuko berdintasun teknikaria ere izan zara lehenago.

Formazioz antropologoa naiz eta jarraian masterra egin nuen ikerketa feminista eta generoaren inguruan. Masterra amaitu ondoren, Bilboko aholkularitza batean berdintasun teknikari lana egiteko aukera izan nuen hilabete batez, eta bertan ikusi nuen teorikoki asko gustatzen zitzaizkidan gai horiek, modu batean errealitatera eramateko aukera bazegoela. Horretaz jabetuta, Asteasun aukera izan nuen, Europako dirulaguntza baten bitartez, Asteasuko berdintasun-teknikari izateko urtebetez eta Asteasukoa amaitzear nuela iritsi zitzaidan postu honen berri. 

Herri txikien egunerokotasuneko dinamika ongi ezagutuko duzu. Herri txikientzat funtzionala eta eraginkorra izango dela uste duzu? 

Herri txikien dinamika asko gustatzen zait. Guztia irisgarriagoa dela iruditzen zait eta askoz ere pertsonalagoa. Banakako harremanetan asko eragiten da, baina bere mugak eta zailtasunak ditu, bere baliabide edota baliabide ezak bezala. Ezin dira alderatu Tolosako Udalaren aurrekontua edo baliabide teknikoa, edo Asteasu batek eduki dezakeena. Herri txikietan pertsona batek alor asko jorratu ditzake, berdintasuna kultura, gazteria, liburutegia... alor guzti horiek landu nituen nire kasuan. 

Dinamika oso desberdinak dira eta ni Asteasun berdintasun-teknikari bezala lanean aritu nintzenean, oso arraroa egiten zitzaidan. Gipuzkoako Foru Aldundiak lan egiteko gune bat du Berdinbidean izenekoa eta berdintasun sail egonkorrak ez dituzten herri txikientzat (10.000 mila biztanle baino gutxiago) dago sortua. Espazio honetan inor ez zen berdintasun teknikaria, guztiak, kultura laguntzailea, gizarte langileak... oso arraroa zen.

Horregatik, nik asko eskertuko nuke bertan lanean nengoela Andragora edukitzea, erreferente bat izan eta bertan proposamen desberdinak egin, bideratu eta laguntza eskatzeko aukera izatea. Ikuspegi horretatik lagungarria eta erreferentea izan nahi dut herri txikientzat.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 644 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!