Asteasuko udaleko langileek bat egin dute gaurko grebarekin

Ainhoa Gil 2024ko mar. 12a, 10:36

Greba eguna du gaur sektore publikoak. Asteasuko Udal langileek bilera egin dute udaletxeko arkupetan, egoeraren aurrean hausnarketa egiteko.

Grebaren bezperatan, bilera egin zuten Udaleko langileek greba egin edo ez erabakitzeko. Bat egiteko erabakia hartu zuten bilera hartan, baina mobilizazioekin etsipen sentimentua ere bazela antzeman zuten. Mikel Maiz da langileen ordezkaria eta hark azaldu duenez, "etsipen hori nahiko orokortua dago. Gure arteko bilera egitea erabaki genuen, gutxienez elkarren berri izan dezagun, egoeraz hausnartzeko aukera izan dezagun eta guztien artean, elkarturik, etsipen horri aurre egiten saiatzeko".

Udaletxeko arkupetan elkartu dira eta herrian barrena hainbat kartel jarri dituzte, euren aldarrikapenen berri emateko: Soldataren %10eko igoera,  behin behinekotasunaren %8ko jaitsiera, berdintasun planak adostea, enplegu publikoa sortu eta indartzea, Estatutik datozen mugak ez onartzea eta soldata edota enplegua bezalako puntuak hemen adostea.

Adierazi dutenez, "Asteasuko Udaleko langileok argi dugu zerbitzu publikoen defentsa kolektiboa egin beharra dagoela, eta ez dagokigula soilik administrazioko langileei, herritar guztiei baizik. Eta era berean, uste dugu, sektore publikoa, bere osotasunean eta mobilizazio indartsuekin geratuko bagenu, askoz eraginkorragoa litzatekeela gure borroka".

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!