Korrika Txikia ekitaldia plazara iritsi denean, une hunkigarriak bizi izan dira ikastetxeko haurrek emakume horiei aurreskua dantzatzeaz eta bertsoak abesteaz gain, lore eskaintza egin dietenean.
Ondoren, udaletxeko balkoitik mintzaldia egin dute, emakume baserritarren alde.
Hona, irakurri duten idatzia, osorik:
“Emakume baserritarrak eta euskara. Gaur omenaldi honetara gerturatu diren emakume baserritarren hitzei ahotsa jarriko diet: Baserrian jaio ginen, baserrian bizitu gara eta baserrian bizi gara euskaraz.
Zuen edadea genuen garaian ez ziguten utzi euskaraz hitz egiten eskolan, zigortuak izan ginen, baina tinko eutsi genion etxean jaso genuen heziketari. Gure amen tripa barruan hasi baikinen euskara entzuten eta magalean ulertu lehen hitzen esanahia. Egunerokoan jarraitu genuen aita-amekin eta aiton-amonekin natura deskribatzeko hitz bakoitza entzuten eta ahoskatzen, haiek lanean ari ziren bitartean edo sutondoko tertulia goxoak aditzen genituen bitartean. Bizitzaren ikasgaia euskararekin batera jaso genuen: animaliekin euskaraz mintzo ginen, behiak jaisteko garaian edo ardiei jaten ematen genien bitartean. Oiloek, txerriek, untxiek..., denek ulertzen zuten euskara, naturaren komunikatzeko hizkuntza balitz bezala.
Baratzako lurra ere euskaraz lantzen genuen, berak ematen zigulako jaten, ura eta lurra direlako izaki bizidun guztien sorleku eta bizileku. Horiei esker elikatzen genituen animaliak eta mantentzen ginen gu, elikatzen genituen herritarrak azoka ugarietan, euskaraz.
Urteetan zehar zaindu dugu jakintza hori eta zaindu ditugu jakintza hori erakutsi ziguten gure guraso eta aiton-amonak, zaindu jakintza hori ikasi behar zuten gure seme-alabak. Horrela izan da Intsusa Goikon, Zabal-Errekondon, Errizun, Iturta Saroben, Urkizarren, Agiñazpin, Larren eta herriko beste baserri guztietan. Pilar Sarasola, Mertxe Izagirre, Mari Karmen Olarra, Bene Aizega, Joxepa Maiz, Ana Mari Jauregi eta Josefina Erkizia bizitu eta bizi garen tokian bizi litezke Izarne, Maddi, Oihan, Janitz, Laia, Aiert, Ane, Maialen, Julen, Gari, Kai edo Galder; edo zuetako beste edozein, zergatik ez? Transmisio eta jakintza horrek etenik gabe jarraitzea da garrantzitsuena. Zaindu ditzagun herriko baserri eta baserritarrak! Zaindu gure benetako hizkuntza zaintzen dutenak!".