Bi kirol hitzordu, Santamañako jaien atariko

Maddi Trutxuelo 2024ko uzt. 5a, 10:04

Pello Izagirre eta Txomin Isuntza, buru-belarri ari dira Santamañako krosa eta orientazio proba antolatzen..

Uztailaren 13an orientazio proba egingo dute. Ermitaren inguruan hasita, mendian barrena ibiliko dira parte-hartzaileak, ahalik eta punturik gehien baten. Uztailaren 14an berriz tradizio handiko kros igoera egingo dute

Dagoeneko bosgarren edizioa beteko du Santamañako orientazio probak. Kirola eginez, mendiaz gozatuz, ingurua ezagutu eta arratsalde ederra pasatzeko aukera eskaintzen du kirol hitzorduak. Taldeka egiten da, eta lagunartean edo familian egin ohi du jendeak.

Txomin Isuntza da orientazio probako antolatzaileetako bat eta hark eman ditu azalpenak: “Santamaña ermitaren inguruan elkartzen gara. Bi maila antolatzen ditugu, hiru orduko muga duen luzea, eta bi orduko motzagoa. Talde bakoitzak mapa bat jasotzen du. Mapa horretan ibilbide bat dago markatuta eta, horri jarraituz, baliza edo marka batzuk bildu behar dituzte. Baliza horien bitartez, puntuak biltzen joaten dira. Irteera puntutik urrutien dauden balizek puntu gehiago ematen dituzte. Denboraren barruan, ahalik eta punturik gehien bilduta irteera puntura itzultzea da helburua”.

Parte-hartzaileek gozatu egiten dute orientazio proban: “Aurkitutako baliza bakoitzak poza ematen dio taldeari eta jarraitzeko gogoa piztu. Mapa eskuan, batera eta bestera ikusten da jendea, gozatzen. Urtero 150 parte-hartzaile inguru izaten ditugu eta askok errepikatu egiten dute”.

Uztailaren 13an egingo dute Santamañako orientazio proba. 16:30etan abiatuko dira ibilbide luzea egiteko asmoa dutenak, 17:30etan ibilbide motzeko parte-hartzaileak. Izen-ematea ermitaren aurrealdean egiten da, egunean bertan. Bost euro ordainduko dute 12 urtetik gorakoek, 3 euro adin horretatik beherakoek.

Kros-igoera

Uztailaren 14an, berriz, Santamañako kros igoera egingo da. XXII. edizioa izango da aurtengoa eta, dagoeneko tradizio eta entzute handia du. Asteasuko Kale Nagusian hasi, eta herrigunean barrena bi itzuli egin ondoren, Santamaña ermitaraino igotzen dira lasterkeriak. “Proba gogorra da, baina baita oso polita ere. Aurten aldaketa txiki bat sartu behar izan dugu ibilbidean. Antzinako minen eraginez, lasterketako bidearen zati bat itxita dago, eta itzuli handixeagoa eman beharko da; 7 kilometrora iritsiko da”.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago www.rockthesport.com webgunean eta 120 korrikalaritan jarri dute muga. 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 652 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!