Herriko festetan mahaiak jartzea, odola biltzeko saioak antolatzea, herriko kaleak musika soinuz alaitzea, gaixo dagoen auzotarrari enkarguak egitea, herriko elkarte, talde eta ekimenetan parte hartzea, mintzalagun izatea, herriko eta auzoko jaiak antolatzea,…
Agerikoa denez, egunerokoan auzolanaren hamaika adibide ditugu.
Auzolanak gure egunerokoan, eta gure herriaren etorkizunean duen garrantziaz ohartuta, herritar eta eragile talde bat, auzolana sustatzeko lanean ari gara azken hilabeteotan.
Udaberrian, herriko gazteekin elkarlanean Asteasuko I. Gazte eguna auzolanean antolatu genuen. Auzolan esperientzia oso positiboa izan zen. Guztira 80 lagun inguruk parte hartu zuten, bai aurreko egunetan zein egunean bertan izandako auzolanetan eta argi geratu zitzaigun halako ekimenei jarraipena eman beharra.
Irailaren 27an pausu berri bat emango dugu, auzolanaren inguruko gogoeta saioarekin. Arratsaldeko 19:00etan izango da udaletxean. Zertarako gogoeta saio hau?
Lehenbizi, gaur egun auzolanean egiten dena balioan jartzeko. Ikusarazi zer eta zenbat lan egiten den, borondatez, auzoa zaintzeko. Bai eta egiten dugun hori ere nola hobetu daitekeen, zer zaindu nahi dugun, zeri jarri arreta…
Eta bigarrenik, etorkizunera begira jarri nahi dugu, eta auzolanean datozen urteetan ase daitezkeen beharrak identifikatu nahi ditugu, lehentasunak finkatu eta auzolana indartzeko urratsak zirriborratu nahi ditugu.
Gogoeta saio honetarako abiapuntua, GALDETEGIA izango da. Galdetegi laburra da, 5 minutuan betetzeko modukoa. Hori bai, irailaren 24a baino lehen betetzea beharko genuke.
Auzolanaren oinarria, dudarik gabe, herriko elkarte eta ekimenak dira, haien bidez bideratzen baita auzolanaren zati handi bat. Horregatik, aste hauetan, herriko elkarte, ekimen eta erakunde ugarirekin harremanetan izan gara, ekimena aurkeztu eta bat egin dezaten proposatzeko. Zehazki, erakunde eta ekimen hauengana jo dugu:
- Txosna herrikoia
- Baserritarren mahaia
- KUKUTE Guraso Elkartea
- Odol-emaileak
- Asteasuko Emakume taldea
- Udala
- Pello Errota Eskola
- Osakidetza
- Xirimiri Kultur Taldea
- Usarrabi korua
- Izan inurri Elkartea
- Aitzondo txirrindulari elkartea
- Harituz Bertsozaleen elkargunea
- Santamañako festa batzordea
- Santakruz jaien talde
antolatzailea - Anttine Elkartea
- Mattin Gizarte Abentura
- Mundu Bat Asteasun
- SOKA
Azpimarratu eta eskertu nahi dugu talde, ekimen eta erakunde guzti hauetako ordezkariek egin diguten harrera beroa. Guzti-guztiek hartu dute galdetegia betetzeko eta 27ko gogoeta saioan parte hartzeko konpromisoa.
Asteasuko herritar guztiak animatu nahi ditugu 24a baino lehen galdetegia bete eta 27ko gogoeta saioan parte hartzera.